}

Instalazio fotovoltaikoen abantailak ikastetxeetan ikusgai

2003/04/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herriko hainbat ikastetxetako ikasleek energia fotovoltaikoa zer den bertatik bertara ikusteko aukera izango dute datozen urteetan. Robotikerrek eta EEEk Solarview proiektua jarri dute martxan, eguzki-energiaren abantailak zein diren ikasleen artean zabaltzeko.
Bada eraikin osoa eguzki-panelez estaltzen duenik.

Proiektu horren baitan, hasiera batean Euskal Autonomia Erkidegoko 50 ikastetxetan panel fotovoltaikoak instalatuko dituzte eta helburu nagusia horien abantailak azaltzea da. Horretarako, ikasleentzako hainbat ariketa eta joko prestatu dituzte energia-mota horretara ohitzen joan daitezen. Duela bi urte, hain zuzen, Euskal Energiaren Erakundeak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, energia fotovoltaikoaren aldeko kanpaina bat hasi zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxetako teilatuetan eguzki panelak ezarri nahi zituzten.

Ikastetxeen aukeraketa egiteko orduan, eskolek PRIMIA sare informatikoa zuten ala ez hartu da kontuan. Guztira, Bizkaiko 26 ikastetxe hautatu dituzte, Gipuzkoako 16 eta Arabako 8. Momentu honetan, ikastetxe bakoitzeko teilatuan eguzki-panelak non kokatuko dituzten aztertzen ari dira.

Sentsibilizatze-prozesua

Energia-mota horretara sentsibilizatzeko prozesua Solarview-ren hiru erabilerari esker lortuko da. Lehenik eta behin, ikastetxe bakoitzaren teilatuan biltzen den energia fotovoltaikoaren ekoizpen-datuak taula batean ikusten ahalko dituzte ikasleek era ulergarri batean.

Bigarrenik, taula horretan azaltzen diren datu horiekin irakasleek prestaturiko hainbat ariketa egin beharko dituzte, instalazio berriaren funtzionamendua ahalik eta ondoen ulertzeko.

Gero eta etxebizitza gehiagotan erabiltzen da energia fotovoltaikoa.

Azkenik, web orri bat egongo da Solarview sistema erabiltzen duten ikastetxe denentzat eta produkzio fotovoltaikoari buruzko ikerketak egiten dituztenentzat.

Solarview-ren erabilera eta osagaiak

Sistema honek ikastetxe bakoitzaren balio energetiko eta ekologikoak neurtzeko aukera ematen du era zentralizatu edo lokal batean. Ikasleek Eguzkitik zenbat energia baliatzen duten jakiteko aukera izango dute, baita beren ikastetxean zenbat energia ekoizten duten edo zenbat CO 2 ez duten isurtzen ere. Horrez gain, sorturiko energia fakturatzeko eta instalazio fotovoltaikoak kontrolatzeko aukera eskaintzen du sistema honek, kontagailu independente bati, Interneti eta posta elektronikoari esker.

Eguzki-panelen egoera ere zaindu egin behar izaten da.

Solarview sistema honako elementuek osatzen dute: bistaratze-taulak, energia-kontagailuak, komunikazio-sistemak, atzipen lokaleko softwareak, gainbegiratzeko eta urrutiko fakturazioko softwareak eta web aplikazioak.

Ikasleek, beraz, baliabide horiei guztiei esker, energia fotovoltaikoak dituen abantailak zein diren era erraz eta atseginean jakiteko aukera dute.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia