}

Inpaktua Marten

2008/06/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Sakatu irudian bideoa ikusteko

Marteko Ipar eta Hego hemisferioak oso ezberdinak dira. Iparraldeko eremua laua da, garai bateko ozeano baten hondoa izango balitz bezala; gainera, ikuspuntu geologikotik aztertuta, planetaren azala mehea da eta oso eremu magnetiko arrunta du. Hegoaldea kontrakoa da, menditsua, azal lodikoa eta oso eremu magnetiko konplexua duena. Ikerketa baten arabera, bien arteko aldea asteroide baten inpaktuaren ondorioa da.

Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa bat da. Marteren inguruko orbitan dauden bi satelitek jasotako datuetatik abiatu dira, Reconnaissance Orbiter eta Global Surveyor. Datu horiekin ordenagailu bidezko simulazio bat egin dute jakiteko ea asteroide baten inpaktuak Marteren gaurko itxura eragin dezakeen. Erantzuna baiezkoa izan da, baldin eta asteroidearen talka-angelua 30 eta 60 graduen artekoa bada Marteko Ipar poloaren azalarekiko.

Hipotesi hori bat dator eguzki-sistemaren barrualdeko formazioaren teoriarekin. Ustez, Merkurio, Artizarra, Lurra, Ilargia eta Marte sortu ziren Eguzkiaren inguruko harrien eraztun bat zegoelako, eta, denboraren poderioz, grabitateak planeta-sistema horretan bildu zituen harriak. Prozesua ez da oraindik amaitu, baina gaur egun ez dira asteroide erraldoi asko geratzen toki horretan. Marteren inpaktuaren garaian, aldiz, bai; izan ere, garai hartan sortu ziren Lurra eta Ilargia beste inpaktu baten bitartez.

Bideoa: S. Lombeyda/ M. Marinova/ O. Aharonson

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia