}

Ingurugiro-eskola ibiltaria

1995/03/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Errepide txar batean zoazela, automobil-ilara badago eta aurrean mantso samar doan autobus berdea ikusten baduzu, ez estutu: lasai. Ahal duen bezain laster baztertuko da. Ingurugiro-eskola ibiltaria da eta gaurkoan ere, Euskal Herriko txoko berri batera doa bere ahalegina betetzera: herritarrei beren herria ezagutzen lagundu eta estimatzen erakustera.

Ingurugiroaren alde sorturiko talde, eskola, enpresa, eta proiektuen artean bada berezia kontsidera daitekeen bat: Ibiur Kultur Taldearen Ingurugiro Eskola Ibiltaria. 27 urte eta 2 milioi km-tik gora dituen Tolosa-Donostia lineako autobus berdean prestaturikoa da eta gaurkoan, eskolako arduradunei elkarrizketatxo hau egin nahi izan diegu: Josu Iztueta tolosarra, eta Migel Mari Elosegi leitzarra dira hauek.

Kaixo, zer moduz? Konta iezaiguzue ideia hau nondik nora bururatu zitzaizuen.

Urte askotan kanpoko herriak bisitatu izan ditut eta betidanik izan dut Euskal Herrian zerbait egiteko asmoa (Josu). Duela urte t’erdi edo, Migel Mari eta beste hiru edo lau lagunekin elkartzen hasi ginen eta eskola ibiltaria prestatzeko ideia sortu zitzaigun. Ibilgailu handi bat lortu eta prestatuz gero, herrietara hurbildu eta ariketak bertan eskaintzeko aukera ikusten genuen.

Nola lortu zenuten autobusa?

Hasieran kamioi bat konpontzeko asmoa genuen, baina bide hura okertu egin zen eta Lasarteko “kotxeetan” oso gutxitan erabiltzen ziren bost autobus zeudela ikusi genuen. Nagusiekin hitz egitera joan ginen eta ideia gustatu egin zitzaienez, autobusa eman egin ziguten eta berehala hasi ginen hura moldatzen.

Nola molda daiteke eskola autobus baten barruan?

Izen bat eman behar eta eskola jarri genion, baina, noski, ez da eskola arrunta. Autobusaren erdi eta atzealdean, 20-25 lagun sartzeko aulki eta mahaiak ditugu. Liburutegitxoa, diapositibak proiektatzeko pantaila, eta eguraldi hotza egiten duenerako lekua. Dena den, eguraldi ona egiten duenean autobus barruan hasi eta gero kanpora ateratzen gara han jarritako mahaietan lan egiteko. Estalpe handi batek, eguzki edota euritik babesten gaitu.

Zeintzuk dira burutzen dituzuen ariketa horiek?

Migel Mari Elosegi, biologoa, autobus barruan ematen den diapositiba-saioan.

Egiten ditugun ekintza guztiak ingurugiroarekin erlazionaturik daude. Normalean, diapositiba-saio batekin hasten gara, eta Euskal Herria kokatu, eta bertako historia eta paisajea azaltzen dugu sarrera gisa. Geologia, erliebea, klima, eta gizakiari buruz ikuspegi orokorra ematen dugu, baina lekuan lekuko xehetasunak sartuz, ahal den neurrian. Gero, landareak eta animaliak ezagutzen hasteko ariketak egiten ditugu, klabe eta gida-liburuekin. Animalien arrasto eta seinaleak aztertzen ditugu, eskaiola-moldeak egin, eta bukatzeko, zentzuak zorrozteko ariketa batzuk egiten ditugu. Lan egiteko era bizia eta atsegina da, eta jendea gai hauekiko zaletzen hasteko egokia.

Zeintzuk dira zuen helburuak?

Lehenengoa, jendeak bere herrian duena ezagutu eta errespetatzea; inguruan daukaguna estimatzen ez badugu, nekez hobetu edo babestuko baitugu. Bigarrena, aktibitate berriak eskaintzea da. Autobusa, orain arte behintzat, deitu diguten herri guztietara heldu da, eta aparte dauden gune txikiak bisitatzea ere interesgarri ikusten dugu oso; denek merezi baitute ingurugiroaren aldeko ahalegina. Hirietan berriz, auzoz auzo mugitu izan gara, ekintzak deszentralizatu nahian. Hirugarrena, gure autobusak edo antzeko traste zaharrek balioa izan dezaketela erakustea. Eta azkenik, laugarrena, euskaraz ihardutea. Oraindik ere, ez dira horrenbeste euskaraz eskaintzen diren ekintzak eta ahal delarik, euskara hutsez egiten dugu lan.

Norentzat da ingurugiro-eskola ibiltaria?

Orain arte landu dugun modulu didaktikoa egokia izan daiteke 10-12 urtetik gorako edozeinentzat; baita helduentzat ere. Bisitatutako herrietan ordea, 4 urtetik hasita; 65 urte bitarteko adinekoekin aritzea tokatu zaigu, denetara moldatu garelarik. Hala ere, gehienetan 10-15 urteko gazteak izan ditugu gurekin, eta orain prestatzen ari garen ekintzetan, badago txikienentzako modulu berria, eta helduentzako beste bat.

Nolakoa da eskolako lan egun bat?

Adin guztietarako jendearentzat ari gara ariketa desberdinak egokitzen. Aurrerantzean, gaztetxoentzat zerbait berezia prestatzeko gogoa ere daukagu.

Normalean, goizean goiz jartzen gara martxan eta Tolosatik eguna argitu aurretik ateratzen gara tokatzen den herrira garaiz iristeko. Heldu eta 40 minututan, prest daukagu estalpea, mahaiak, eta erabiliko dugun material guztia. Gero, ikasleak hartu eta hiru orduko bi saio egiten ditugu: bat eguerdi alderarte eta bestea bazkalondoan. Batzuetan, bi saio hauetako bat kendu eta gauean hitzaldia eskaintzen dugu diapositibaz lagundurik. Ondoren dena bildu, eta etxerantz abiatzen gara, edo autobusean bertan gelditu biharamunean saioa errepikatu edo hurbileko beste herri bat bisitatu behar badugu.

Zein dira ikasleek atseginen dituzten ariketak?

Diapositiba-saioan, fosilak eta sukarriekin egindako ariketak. Harri berezi hauek ikaragarri atsegin ditu jendeak, eta arruntak izan arren, askotan ez da jakiten herrian horrelakorik topa daitekeenik ere.

Animalia eta landareen ariketetan, eskaiolazko moldeak egitea. Askotan saioa bukatu eta berriro etortzen da ikasleren bat ariketak errepikatzea.

Azken ordua ere atsegina da. Zentzuak lantzeko jokoek, mugimendu eta ezusteko asko sortzen dute eta ongi pasatzeaz gain mezua ere ederki jasotzen dute: zentzuek izugarrizko informazio-pila eman dezaketela eta arreta mantentzea ezinbestekoa dela konturatzen dira.

Zein herritan ibili zarete?

Orain arte Gipuzkoa eta Nafarroako eskola eta herrietan ibili gara. Normalean, egun bakarra egin dugu bertan, baina eskola handietan, aste osoa ere pasa dugu. Behin batean, Irurtzungo kultur astean egon ginen, eta 20-30eko taldeez gain, egun batean herriko plazan jarri ginen jende guztiarentzat eta taldeko beste batzuen laguntzaz, inguratzen zen edonorekin aritu ginen lanean. Esperientzia polita izan zen hura.

Zeintzuk dira finantzabideak?

Hernialde. Horrelako herri txikietara iristea eskola ibiltariaren helburu nagusietako bat da.

Autobusa musutruk lortu genuen arren, prestaketa eta barruko materiala dexente kosta zitzaigun. Lanegun bateko kostua guk 50.000 pezetakoa dela estimatzen dugu eta gutxiago egun batzuk bertan pasatuz gero (autobusa mugitu beharrik ez baitago). Dirulaguntza txikiren bat lortu dugunez, subentzionatutako iharduerak eskaini ditugu kasu gehienetan. Horregatik 30-35.000 pezetatan egin dugu saio bakoitza. Dena dela, eskualdearen arabera babespidea desberdina izan da: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua edo Gipuzkoako Foru Aldundia, adibidez.

Urte guztian al dago martxan eskola?

Ez urte guztian, ezta egunero ere. 1994.ean 6 hilabetez erabili zen, eta aurten beste horrenbeste ibiltzea espero dugu: martxoaren bukaeratik ekaina bitartean eta irailetik azarora. Negua ez da sasoirik hoberena kanpoko ekintzak eskaintzeko eta udan eskola gutxi egoten da martxan eta jendearen oporrak ere orduan izaten dira. Aipatu hilabeteetan eskualdeka banatuko ditugu herriak, hurbiletik hurbilera ibili ahal izateko.

Zuekin harremanetan jarri nahi duenak nora jo behar du??

Ibiur Kultur Taldea gara eta Tolosako Letxukaleko 8. zenbakian elkartzen gara. Bertara idatzi eta gu jarriko gara harremanetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia