Industriaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko sistema berri bat garatu du Ekopolek
2025/05/07 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ekopol ikerketa-taldeko Jon Iñaki Sasia Santos, Gorka Bueno Mendieta eta Iker Etxano Gandariasbeitia kideek Amalur EIS ingurumen-informazioko sistema aurkeztu dute. Egileek azaldu dutenez, sistema horrek ingurumen-inpaktuak kalkulatzen ditu, Kutsatzaileen Isuri eta Transferentzien Europako Erregistroan (E-PRTR) jasotako informazioan oinarrituta. Zehazki, 2007-2022 epean, Europako 31.388 industria-instalaziotako datuak biltzen ditu, lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruz. Gai da kalkuluak egiteko bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo desberdin erabiliz, eta PRTR protokoloak araututako 91 kutsatzaileetatik 78 jasotzen ditu.
2022an hasi ziren garatzen sistema, eta aurten argitaratu dituzte lehen emaitzak, Environmental Monitoring and Assessment aldizkarian, irekian. Ondorioen artean, nabarmendu dute klima-aldaketa dela Europako inpaktu osoari ekarpen handiena egiten diona (% 68,6). Horrekin batera, energia-sektorea da inpakturik handiena sortzen duen industria-jarduera (guztizkoaren % 59,5). Geografikoki, bi alderdi horiek bat egiten dute Alemaniako Düsseldorf, Kolonia eta Brandemburgo eskualdeetan, eta horrek Europako eskualde-mailako inpaktu handienak kontzentratzea dakar. Hain zuzen, Alemania da inpaktu handiena sortzen duen herrialdea (guztizkoaren % 20,3).
Euskal Herrian ere baliatu dute tresna, eta frogatu dute lurraldeko petrolio-findegi bakarra (Petronor, Muskizen, Bizkaian) nabarmentzen dela: instalazio guztien inpaktuen % 25 sortzen du. Horrez gain, 6 industria mineralen eragin metatua (batez ere zementu-industriena) inpaktu osoaren % 16,9 dela ikusi dute, eta 7 zentral termikoena, berriz, guztizkoaren % 17. Azken horien artea, instalazio kutsatzaileena Total Energiesen ziklo konbinatuko bi zentralak dira (Castejon, Nafarroa).
Ingurumen-inpaktuko kategoriei dagokienez, klima-aldaketa da inpakturik handiena Euskal Herrian (guztizkoaren % 55). Hortik oso urrun daude azidotzea ( % 11) eta ozono fotokimikoaren sorrera (% 9).
Bestalde, aurreratu dute aurten beste eremu batzuetako isuri difusoen inpaktuen azterketan sakontzeko asmoa dutela; hau da, E-PRTRen integratu gabeko industria txikia, ibilgailuen trafikoa, bizitegi-sektorea, nekazaritza… Izan ere, analisi horren lehen emaitzek ondorio esanguratsuak eman dituzte. Adibidez, Europako industria txikiaren inpaktua, ehunekoetan, industria handiaren antzekoa da. Era berean, ikusi dute isuri difusoak Europako ingurumen-inpaktuaren bi heren inguru direla.
Horrenbestez, egileek baieztatu dute Amalur EIS tresna baliotsua del iraunkortasuneranzko trantsizioa monitorizatzeko; bereziki, Europan.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia