}

Industria Garbia

1998/07/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria

Industria Garbia Egitaraua Euskal Autonomia Erkidegoko industri sektore poluitzaileenei beren ingurugiro-arazoak konpontzeko eta, ondorioz, merkatuan lehiakor izaten laguntzeko tresna izateko sortu da.

Ingurugiroa eta industri lehiakortasuna uztartu nahi dituzten Europako haize berriek Euskal Herriko industria etengabe akuilatzen dihardute. Premia berriak sortzen ari dira eta enpresak eraberritzeko erronkari erantzun beharrean daude, baldin eta ez badute lehia horretan galtzaile atera nahi.

Ingurugiroa zaintzeko pausoak ematen hastea ez da gauza erraza, eta horrelako bide bati ekitea are zailagoa egiten zaie urteetan inolako berrikuntzarik izan ez duten industria zaharkituei. Euskal Herriko enpresa askoren egoera da hori eta, bistan da, bultzadatxoa behar dute beren geldialditik irten eta mundu modernoan murgiltzeko. Behar horri erantzun nahirik, Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailordetzak Industria Garbia izenaz bataiaturiko programa ipini du martxan industriari bide hau jorratzen laguntzeko asmoz. Industriak atmosfera, ingurune urtar eta lurzoruari eginiko erasoak ezabatzea edo gutxienez leuntzea da egitarauaren xedea, horretarako minimizazio-neurriak eta, beharrezkoa denean, neurri zuzentzaile osagarriak ere proposatzen dituela.

Industria Garbia programarekin Europako Batasunaren 96/61 Poluzioaren Prebentzio eta Kontrolerako Arteztarauaren inplikazio eta mamiaren berri eman nahi zaio Euskal Autonomia Erkidegoko industri sektoreari, arteztarau hori izango baita epe laburrera Europako Batasun osoan industriaren ingurugiro-portaera arautuko duena. Beraz, oso garrantzizkotzat jotzen du Industria Garbia Programak industriariak egoeraren larritasunaz ohartaraztea eta egokitze-prozesuei ekitea.

Borondatezko akordioa

Ildo honetan, 96/61 Arteztarauan lehentasunezkotzat jotzen diren sektore (energia, kimika, metalurgia...) eta elementu poluitzaileak hautatu ditu Programak xedetzat. Bada, sektore horietako enpresak libre dira Programarekin bat egiteko, hala nahi badute, eta laguntza jasoko dute baldin eta, egokitze-egitasmo baten bidez eta epe jakin batean, gaurko poluzio-mailak Egitarauak ezarritako mailetara jaisteko konpromisoa hartzen badute. Administraziotik jasoko duten laguntza askotarikoa izango da, minimizaziorako teknologia egokienen berri izatetik hasi eta dirulaguntzak jasotzeraino. Deialdia joan den maiatzaren 15ean argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, eta interesaturik dauden enpresek uztailaren 15a bitarteko epea dute eskaera aurkezteko.

Egitarauaren oinarrizko irizpideak IPPC Arteztarauak sustaturiko berberak dira:

  • Poluzioaren ikuspegi integratua
  • Prebentzioa “hodi-bukaerako”konponbideen aurretik ipintzea
  • Ingurugiro-eraginen minimizazioa bultzatzea
  • Industrian ingurugiro-hezkuntza bultzatzen jarraitzea
  • Ondoko irizpideak gogoan hartzea: “Gehiegizko kosturik gabeko teknologia erabilgarri onena (BATNEEC)” eta “Ingurugiro aldetik bideragarriena den aukera (BPEO)”

Galdategien azpisektorea lasterketa-buru

Industria Garbia Programak hiru sektore edo arlori heldu die oraingoz: burdina galdategiak, pintura eta disolbatzaileak, eta azkenik, papera eta paper-orea. Hiruotan eman dira jada pausoak, baina galdategietan eginiko lana da hiruretan aurreratuen dagoena. Azpisektore horren inguruan 35 enpresa daude, 3.900 lanpostu zuzen bildu eta salmenten % 52 atzerrian burutzen dituztenak. Durangaldean dago galdategien kontzentraziorik handiena, eta gainerakoak Bilbo aldean, Laudion eta Gipuzkoako zenbait puntutan barreiatuta daude.

Industri mota honek eragindako ingurugiro-arazorik handienak atmosferarako emisioak (partikulak, gasak, keak eta usainak) eta hondakin solidoak (hareak eta zepak) dira. Programaren laguntzaz kubiloteetako partikulen eta karbono monoxidoaren emisioak gutxitzea (% 90 eta % 50, hurrenez hurren), harea agortuen isuria % 65 murriztea eta airerako emisioak etengabe neurtu, kontrolatu eta erregistratuko dituzten sistemak ezartzea da. Egin beharreko guztirako inbertsioa 1.800 milioi pezetakoa da, dirulaguntzak 300 milioikoa izanik, guztiaren % 15 gutxi gorabehera. Erabakitako neurri guztiek 1999ko apirilerako ezarrita eta martxan egon behar dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia