Indiako saien desagertzea
2025/06/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Parsiak kezkatuta zeuden. Dahkmetan, isiltasunaren dorreetan, gorpuak pilatzen ari zitzaizkien. Erlijioak agindu bezala, dorre haietan uzten zituzten euren hildakoak, lurra eta gainerako elementuak kutsa ez zitzaten. Saiek jatea zen, parsientzak, gorpuek izan zezaketen amaierarik onena. Minutu gutxitan hezurrak soilik uzten zituzten. Baina, 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, gero eta sai gutxiago agertzen ziren isiltasunaren dorreetan. Desagertzen ari ziren.
Parsiek bakarrik ez, Indiako beste herritar batzuek ere sumatu zuten saien falta. Usteltzen ari ziren abere-gorpuak topatzen hasi ziren bazterretan, gero eta gehiago. Eta, gorpu haiek erakarrita, ugaritzen ari ziren zakur basatiak eta arratoiak.
Vibhu Prakash Bombayko Historia Naturalaren Elkarteko biologoa ere kezkatuta zegoen. Hamar urte lehenago, 1987an, Keoladeko Parke Nazionalean, sai gibelzuri bengalarren (Gyps bengalensis) 353 bikote kontatu zituen. Handik bederatzi urtera, 150. Eta 1997an, 25 baino ez ziren gelditzen. Prakashek bere begiekin ikusi ahal izan zuen nola zebiltzan sai batzuk lepoa erorita zutela, burua zintzilik, mokoek ia sabela ukitzen zietela.
Saien gainbeheraren neurria eta abiadura ikusita, nazioarteko hainbat ikertzaile hasi ziren hura ikertzen. Hasiera batean, arazoa pestizidak izan zitezkeela pentsatu zuten. Izan ere, ezaguna zen AEBn pestizidek, DDTak bereziki, ”udaberriak isiltzeko” arriskuan jarri zituztenekoa. Eta, ordurako DDTa hainbat herrialdetan debekatuta zegoen arren, Indian asko erabiltzen zen oraindik. Hala ere, DDTa askoz azkarrago degradatzen da klima beroetan, eta enbrioien garapenean eragiten du, hegazti helduetan baino gehiago. Gaixotasun berriren baten susmoa zuten gehienek; birusen bat edo bakterioren bat.
Azterketak egiteko egoera onean zeuden gorpuak topatzea ez zen batere erraza izan. Leku helezinetan hiltzen ziren askotan, eta, berrogei gradutik gorako tenperaturak ohikoak izanik, azkar hondatzen ziren.
Prakashek lortu zituen bi gorpu fresko, eta patologo bati eraman zizkion. Ireki zituenean, harrituta gelditu zen: barne-organoak ore zurixka batez guztiz estalita zeuzkaten. Azido urikozko kristalak ziren. Erraietako hezueria zuten; giltzurrunetako kaltearen ondorioa.
Zerbait saien giltzurrunei kalte egiten ari zen. Birusek eta bakterioek egin dezakete hori, eta indarra hartu zuen hipotesi horrek. Baina aztertu zituzten gorpu gehiago, eta aurkitzen zuten gauza bakarra erraietako hezueri hura zen. Hori eragin zezakeen birus edo bakterioen arrastorik ez; ez metal astunik, ez pestizidarik, ez arazo nutrizionalik…
Sai gibelzuri bengalarren populazioa % 99,7 jaitsi zen 1993 eta 2002 artean; eta sai mokoluzearenak (Gyps indicus) eta mokofinarenak ere (Gyps tenuirostris) % 97,4. Indiako eta inguruetako hiru sai-espezie nagusiak desagertzeko arrisku larrian zeuden. Eta, 2003aren hasieran, oraindik inork ez zekien zergatik.
Parsiek nazioarteko adituei laguntza eskatu zieten sai-haztegiak martxan jartzeko. Bitartean, eguzki-kontzentragailuak jarri behar izan zituzten dakhmetan, saiak nolabait ordezkatzeko.
Lindsay Oaks Washington Estatuko Unibertsitateko mikrobiologoak dozena bat gorpu aztertzeko aukera izan zuen; eta, ezer topatzen ez zutela ikusita, beste bide batetik jo behar zutela pentsatu zuen. Susmoa zuten janarian zegoen zerbait izan zitekeela. Eta konturatu ziren saien elikagai-iturri nagusia ganadua zela. Akaso, ganaduari ematen zitzaion botikaren bat edo izan zitekeen?
Ganaduarentzat erabiltzen zituzten 40 bat farmako eta elikadura-osagarriren zerrenda osatu zuten. Eta aztertu zuten horien artean zein izan zitekeen azken urteetan erabiltzen hasi zena eta saien giltzurrunentzat kaltegarria izan zitekeena. Topatu zuten bazela antiinflamatorio bat, mendebaldean aspalditik erabiltzen zena analgesiko gisa, eta Indian eta Pakistanen urte batzuk lehenago hasi zirena erabiltzen ganaduarentzat: diklofenakoa. Hain zuzen ere, 1994tik aurrera zabaldu zen botika horren erabilera, patentea iraungi eta bertsio generiko merkeagoak eskuragarri jarri zirenean.
Oaksek bere laginak berraztertu zituen. Hezueria zuten 28 sairen laginetan diklofenakoa aurkitu zuen; hezueririk ez zuten 20 sairenetan, ez. Horrez gain, diklofenakoarekin tratatutako bufalo baten haragia eman zieten, dosi desberdinetan, gatibu zituzten sai batzuei. Sei egunen buruan denak hil ziren. Haien nekropsietan ere erraietako hezueria topatu zuten. Diklofenakoa oso toxikoa zen saientzat; dosi oso txiki bat nahikoa zen haiek hiltzeko.
Beste ikertzaile batzuek egindako kalkulu batek erakutsi zuen abere-gorpuen % 1 soilik diklofenakoarekin kutsatuta egoteak sai-populazioak urtero % 60-90 jaistea eragin zezakeela. Eta abere-gorpuak aztertu zituztenean, ikusi zuten % 10 inguru kutsatuta zeudela.
Indian behiak eta bufaloak esnetarako dituzte, gehienbat, eta ez dute haien haragirik jaten. Arrazoi naturalengatik hiltzen dira, urtean 65.000 inguru. Saiak ezinbestekoak ziren gorpu horiek guztiak desegiteko.
Saien faltan, usteldutako gorpuekin urak kutsatzen hasi ziren, eta zakur basatiak eta arratoiak ugaritzen. Haien urdailak ez dira, ordea, saienak bezain eraginkorrak patogenoak deuseztatzen, eta, are, beste animalietara eta gizakietara hedatzen dituzte. Amorru-kasuek eta bestelako gaixotasun infekziosoek gora egin zuten. Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek egindako kalkuluen arabera, 2000 eta 2005 artean, urtean 100.000 pertsona gehiago hil ziren Indian, saien gainbeheraren ondorioz.
2006an, Indiako gobernuak debekatu egin zuen diklofenakoa ganaduari ematea. Berdin egin zuten, berehala, Pakistanek eta Nepalek ere.
Geroztik, saiak berreskuratzeko ahaleginetan ari dira. Baina ez da erraza. Bost urte behar dituzte ugaltzeko adinera iristeko, eta sasoiko arrautza bakarra jartzen dute. Gainera, diklofenakoaren erabilerak nabarmen behera egin du, baina ez da erabat bukatu.
Hego Asian 40 bat milioi sai zeuden 1980ko hamarkadan. Gaur egun ez dira 20.000ra iristen. Populazioaren % 99 baino gehiago galdu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia