Indiako plaka tektonikoa oso mehea da
2007/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Himalaia mendiak Lurreko altuenak dira, ez bakarrik Indiako plaka tektonikoak Eurasiakoaren kontra talka egin zuelako, baita talka horretara oso abiadura handiarekin iritsi zelako ere. Baina nolatan zuen Indiako plakak hainbesteko abiadura? Indiako eta Alemaniako geologoen talde batek erantzuna aurkitu du: Indiako plaka oso mehea delako, harekin batera sortu ziren plakak baino askoz meheagoa.
Plaka hura beste plaka handiago bat puskatzearen ondorioz sortu zen; Handi hari Gondwanaland plaka deitzen zaio, eta gaurko Afrika, Australia, Antartika eta Indiako lurrak zituen gainean. Duela 130 milioi urte puskatu zen, eta puska bakoitzak berezko bide bat egin zuen. Antartika jatorrizko plakaren tokian geratu zen, gutxi gorabehera, Afrika eta Australia poliki mugitu ziren, eta Indiak iparralderako bide hartu zuen, urteko 20 zentimetroko abiaduran.
Oso abiadura azkarra da, beste plakek gehienez 8 zentimetro urteko egiten dituztela kontuan hartuta. Indiakoak abiadura hori hartu zuen oso mehea delako, 100 kilometroko lodi besterik ez. Gondwanaland plakatik sortutako beste plakek, adibidez, 180 eta 300 kilometro arteko lodierak dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia