}

Indiako hiriburua zabor azpian

2001/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Egunero sortzen diren hondakinen tratamendua arazo garrantzitsuenetako bat da herrialde industrializatu guztietan, baina are larriagoa bilakatzen da zaborra bildu eta era egokian tratatzeko sistema garaturik ez duten herrialdetan.

Indiako hiriburua, New Delhi, hondamendi ekologikorantz doa lehen berdeguneak ziren tokietan zaborra pilatzen ari dela-eta. Hiriko zabortegiak gainezka daude eta plastikoak, metal-zatiak, hildako abereen gorpuak eta beste zikinkeriak inguruko lurra estaltzen dute eremu zabal batean.

New Delhik, munduko hiri zikinenetakoa, egunean 8.000 tona hondakin sortzen du, baina 13 milioi biztanle inguru dituen hiri horrek ez du zaborra tratatzeko sistema eraginkorrik. Hiri-zerbitzuek egunean 4.884 tona jasotzea besterik ez dute lortzen eta beste guztia kanpoaldera eramaten da, New Delhiko Gorte Gorenak hiria garbitzea agindu duen arren.

Poluzioaren Kontrolerako Batzorde Nagusiaren azterketa baten arabera, biztanleria oraingo erritmoan hazten bada eta bizimodua aldatzen ez bada, sortzen diren hondakinen eta tratatzen direnaren arteko aldea % 64ra iritsiko da 2021. urterako (gaur egungo aldea % 40 da).

Zabor-pilak tuberkulosia, kolera eta malaria bezalako gaixotasunen haztegi dira eta, han, arratoiei eta sugeei ez zaie janaririk falta. Ondorioz, animalia horien hozkaden eraginez ere hainbat gaixotasun zabaltzen ari dira. Gainera, egunero milaka ume metal-zati, plastiko eta paper bila ibiltzen dira zabor artean.

Zaborra pilatzen den eremuetatik hurbil bizi direnek eta New Delhiko zaborraren % 15 jasotzen duten trapu-biltzaileek gaixotasunak harrapatzeko arrisku gehiago duten arren, biztanle guztiak daude arriskuan. Izan ere, lurrean pilatutako zaborrak ura kutsatu du eta, adibidez, pestizidak eta artsenikoa bezain substantzia pozointsuak daramatzala ikusi dute.

Irtenbidea, zabor-bilketa eta tratamendu-sistema ezartzeaz gain, bizimodua aldatzea litzateke, baina horretarako orain arteko ohiturak aldatu beharko lirateke eta hori oso zaila da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia