}

Indar gehigarria obuluarentzat

2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Badago modu bat in vitro ernalkuntzan arrakasta handiagoa izateko: ernaldu nahi den obuluan beste emakume baten obuluaren mitokondrioak sartzea. Alabaina, teknika horrek arazo etikoak sortzen ditu, sortzen den enbrioiak hiru pertsonaren material genetikoa baitu (amarena, aitarena, eta mitokondrioak eman dituen emakumearena).

Taiwango sendagile batzuek, ordea, irtenbidea aurkitu dute. Dirudienez, emaitza bera lortzen da obuluan emakume beraren beste zelula baten mitokondrioak sartuta. Hain zuzen, ikertzaileek obulutegiko zelula baten 5.000 mitokondrio sartu dituzte obuluan, hau da, obuluak dituen mitokondrioen % 5. Gero obulua laborategian ernaldu dute, eta emakumearen umetokian ezarri dute.

71 emakumetatik, % 35 berehala haurdun geratu zen, eta 20 haur jaio ziren. Aurretik saiatu ziren emakume-talde berarekin, baina mitokondrioen laguntzarik gabe; orduan % 6 bakarrik geratu zen haurdun. Antza, mitokondrio gehigarriek ematen duten energian dago arrakastaren gakoa.

Bestetik, in vitro ernalkuntzan, umetokian enbrioi bat baino gehiago ezartzea ez dela komeni ondorioztatu dute AEBetako sendagileek. Orain arte bat baino gehiago ezartzen ziren haurren bat jaioko zela bermatzeko asmoz. Gaur egungo aurrerapenekin, ordea, hori ez da beharrezkoa, eta beraz, enbrioi bakarra ezartzea hobe delakoan daude adituak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia