}

Mast: fusio nuklearra helburu

2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atomoen fusioa izarrei bizia ematen dien energia nuklearra da. Zientzialariek 50 urte daramatzate laborategian lortu nahian; izan ere, ohiko energia nuklearrak —fisio nuklearrak— ez dituen abantailak dauzka. Hala ere, oraindik orain zailtasun tekniko handiak ditu.

Fusio nuklearra gerta dadin, lehenik eremu magnetikoan ezarri eta atomoen elektroiak eta nukleoa bereizi ohi dituzte. Horrek elektrikoki kargatutako fluidoa sorrarazten du —plasma—. Nukleoek bat egin dezaten, ordea, kargen aldarapena gainditu beharra dago, eta horretarako izugarrizko tenperatura edo presio altua behar izaten da. Eguzkian, adibidez, 15 milioi gradutan eta 100.000 atmosferetan gertatzen da, baina ikertzaileek garatu dituzten erreaktoreetan ezin da horren presio alturik lortu, eta tenperatura handitu behar izaten dute.

Zientzialariek inoiz fusio-erreaktore esperimental itzelak erabilita lortu badute ere, Erresuma Batuko Energia Atomikoaren Agintaritzak adierazi berri duenez, erreaktore txikiagoak erabilita errazago, merkeago eta azkarrago sor daiteke, teknikoki errazagoa baita eremu magnetiko txikiak mantentzea. Horrela, Mast izeneko lehenengo fusio erreaktore komertziala izan daitekeena garatzen ari dira.

Gaur egun muga handiak dauzka, baina hamarkada batzuen buruan, agian, fusio erreaktoreak salgai izango dira, hirietan poluziorik sortu gabe —erabiltzen diren elementuak ez baitira poluitzaileak— energia merke sortuko dutenak. Izatekotan, poluzio termikoa sorraraziko luke, baina energia-iturri amaiezina izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia