Mars Odyssey-ren lehen behaketak
2002/03/04 Elhuyar Zientzia
NASAren Mars Odyssey espazio-ontzia joan den astean hasi zen Marteren azalari buruzko datuak bidaltzen. Astronomoek beso-zabalik hartu dituzte datuok, kalitate handikoak baitira. Horri esker, aurreko misioetan igarritakoa frogatzea espero dute. Jakin-min handiena, nola ez, Marteko balizko uraren inguruan dago.
Mars Odyssey–ren emisio termikoan oinarritutako irudi-sistemak azaleko geologiaren datu zehatzak ematen ditu. Astronomoek diotenez, irudi-sistemak ura dagoen ala ez asmatzea ez baizik ura ‘ikustea’ ahalbidetzen du. Irudi-sistemak azalaren tenperaturaren irudiak jasotzen ditu gau eta egun; gainera, infragorrizko irudiak lehen zituztenak baino 30 aldiz zorrotzagoak dira, eta argi ikusgarrian bildutako irudiek ere Viking Orbiter-ek eta Mars Global Surveyor-ek jasotakoak osatzen dituzte.
Gamma izpiko espektrometroak gai kimikoak detektatzen ditu, eta horrela jakin dute Martek hidrogeno ugari duela. Uraren esperoan dauden astronomoek berehala atera dituzte ondorioak: hidrogenoa badago, litekeena da ura egotea! Adibidez, Hego Poloan: goiko irudia neutroi-espektrometroaren bidez lortu da eta hidrogeno ugari dagoen tokiak kolore urdinez azaltzen dira.
Oraingoz, irudiek hidrogeno-maila erakusten dute, ez besterik. Zerbait gehiago aurkitutakoan, emango dute jakitera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia