}

Ilunpeko egonaldiek entzumena hobetzen dute

2014/02/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ilunpeko-egonaldiek-entzumena-hobetzen-dute
Arg. Duncan Hull CC-BY

Astebetez ilunpean egon diren saguek hobeto prozesatzen dute soinua, argitan egon direnek baino. Marylandeko eta John Hopkins Unibertsitateetako neurologoek emaitza hori argitaratu dute Neuron aldizkari espezializatuan.

Ray Charles efektua deitu diote, itsuei gertatzen zaien efektua baita (eta Charles musikari itsua zen); jakina zen ikusmen faltak beste zentzumen batzuk areagotzen dituela, entzumena batez ere. Hala ere, zientzialariek bazekiten garun gazte bat gai dela neurona-sareak berrantolatzeko, entzumena areagotzeko behar den prozesua egiteko alegia. Ikerketa honek frogatu du garun helduak ere gai direla berrantolaketa hori egiteko, saguetan behintzat.

Gazteen kasuan errazago izan arren, sagu helduen kasuan ere gertatzen da: neuronek konexio gehiago sortzen dituzte talamoaren eta entzumen-kortexaren artean, astebetez ilunpean egon ondoren. Gainera, neuronen soinuaren aurreko erreakzio-denbora murriztu egiten da, eta sentikortasun handiagoa garatzen dute soinu baxuekiko. Azkenean, ilunpean egon diren sagu haiek askoz hobeto bereizten dituzte soinuaren maiztasunak eta hainbat soinuren intentsitateak argitan izan direnek baino.

Neurologoen esperimentuetan, ilunpeko egonaldiaren efektuak iraunkorrak izan ziren saguak argi-ingurunera itzuli ondoren, eta ikusmena ez zitzaien inolaz ere kaltetu.

Adituek ez dakite zenbat egun egon beharko lukeen pertsona batek efektu bera izateko, baina litekeena da ilunpeko egonaldiak erabilgarri izatea entzumen-arazoak tratatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia