}

Ilargiak Lurretik eraman zuena

2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurrak eta Ilargiak oso bikote bitxia osatzen dute: ez dago eguzki-sisteman ezaugarri berdinak dituen beste bikoterik. Ezaugarri horietako nabarmenena bien tamainen arteko proportzioa da; Lurra Ilargia baino handiagoa izanik ere, aldea ez da hainbestekoa.

Agian Pluton-Karon sistemarekin konpara daiteke, baina Karon ez da Plutonen inguruan biraka ari; aitzitik, biek sistema bikoitz moduan egiten dute bira, bata bestearen inguruan.

Ilargia Lurraren grabitazio-eremutik ihes egiten ari da, pixkanaka. Lurretik gero eta urrutiago dago. Eta, ihesean, Lurretik lapurtutako materiala daramala dirudi, Lurraren konposizio bera duelako Ilargiak.

NASA

Nola sortu zen bikote bitxia? Ezaugarri horiek eta beste hainbat kontuan hartuta, zientzialariek bi hipotesi nagusi plazaratu zituzten. Batzuen ustez, bi planetaren arteko talka batean sortu ziren biak. Beste batzuek uste dute biak batera sortu zirela, material beretik, eta ez zela talkarik gertatu. Orain, lehen hipotesia zuzena dela frogatu dute Swiss Federal Institute of Technology erakundeko astronomo batzuek.

Horretarako, zientzialari suitzarrek Ilargitik ekarritako harriak eta Lurrean jasotakoak konparatu dituzte, eta ezberdintasun esanguratsu bat aurkitu dute; burdinaren isotopoen proportzioa asko aldatzen da batetik bestera.

Hipotesi horren arabera, planeten arteko talkan 1.700 ºC-ko tenperatura izango zen, burdina-atomoak lurruntzeko adinakoa, hain zuzen ere. Isotopo arinenak astunak baino lehen lurruntzen dira prozesu horretan.

Ondorioz, talka izan bazen, isotopo arinak Ilargitik lurrundu eta Lurra eratu zuen materialean pilatu ziren. Hipotesi hori baieztatu egin du zientzialari suitzarren esperimentuaren emaitzak, Ilargiaren harrietan burdina-57/burdina-54 proportzioa Lurrekoetan baino handiagoa delako. Talkaren hipotesiak bakarrik azal dezake emaitza hori.

Ilargiak, beraz, Lurretik lapurtutako materiala darama harrietan, bai eta Lurrak Ilargitik lapurtutakoa ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia