Ikusmena berreskuratzea lortu dute, begi barneko inplante baten bidez

PRIMA txipa begiaren barnean. Arg: Science Corporation


Begian gailu elektroniko bat inplantatuta, eta errealitate areagotuko betaurrekoak erabilita, ikusmen-galera zuten pazienteak irakurtzeko gai izan dira, Europan egindako saio kliniko batean.

Gailuak PRIMA izena du, eta saio esperimentalean 38 pazientek parte hartu dute, bost herrialdetako 17 ospitale-gunetan. Paziente guztiek ikusmena galdua zuten, adinari lotutako endekapen makular lehorrarengatik. Haietatik %84k zenbakiak eta hitzak irakurri ahal izan ditu, gailu protesikoari esker. The New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

«lehen aldiz lortu da galera hori duten pazienteak irakurtzeko gaitasuna berreskuratzea»

Adinari lotutako endekapen makular lehorra makulako zelulen narriadura motela da, eta argiarekiko sentikorrak diren erretinako zelulak hiltzen doazelako gertatzen da. Pertsona gehienetan, ikusmen zentralaren galera txiki bat eragiten du, baina batzuk ikusmen osoa galtzera iristen dira, atrofia geografiko deritzon prozesu baten bidez. Gaur egun, ez dago hari aurre egiteko tratamendurik, eta munduan 5 milioi pertsonari eragiten die. Esperimentuko parte-hartzaile guztiek galdua zuten begiaren erdiko ikusmena, eta ikusmen periferiko mugatua baino ez zuten. Esperimentuan, lehen aldiz lortu da galera hori duten pazienteak irakurtzeko gaitasuna berreskuratzea.

Prozedura erraza

Ikertzaileen esanean, PRIMA txipa jartzeko prozedura erraza da. SIM-txartel baten forma du, 2mm x 2mm azalera du, eta 0,03 mm-ko lodiera. Pazienteak errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen ditu, poltsikoko ordenagailu txiki batera konektatuta. Betaurrekoen bideo-kamerak infragorri-seinale bat bidaltzen du poltsikoko ordenagailura; ordenagailuak informazioa prozesatzen du, eta seinale elektriko bihurtzen du. Seinale hori erretinatik eta nerbio optikotik igarotzen da, eta garunera iristen da. Azkenik, garunak ikusmen gisa interpretatzen du. Hori bai: ezinbestekoa da errehabilitazioa egitea, inplantea jaso ondotik.

Esperimentua pauso nabarmena da gailua merkaturatzeko. Gainera, uste dute baliagarria izan daitekeela begiko beste gaitz batzuetarako ere.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali