}

Ikerketak, animaliak eta eskubideak

2008/06/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zuricheko bi institutu handienek helegite bat aurkeztu dute Suitzako gorte gorenean, ez daudelako ados Zuricheko auzitegi lokalak eman duen epaiarekin. Hain zuzen ere, garuna aldaketetara nola moldatzen den jakiteko egiten ari diren bi esperimentutan makakoak erabiltzea debekatu dute epaileek.
Suitzako legediak aintzat hartzen ditu animalien sufrimendua eta gizartearen onura.
S. Bauer/ARS

Zuricheko bi institutu handienek helegite bat aurkeztu dute Suitzako gorte gorenean, ez daudelako ados Zuricheko auzitegi lokalak eman duen epaiarekin. Hain zuzen ere, garuna aldaketetara nola moldatzen den jakiteko egiten ari diren bi esperimentutan makakoak erabiltzea debekatu dute epaileek.

Berez, animaliekin egindako esperimentuak kontrolatzen dituzten hiru erakundeen baimena jaso zuten 2006an orain debekatu dituzten esperimentuek: Suitzako Zientzia Fundazioarena, ikerketak diruz laguntzen dituen agentzia batena eta Zuricheko Albaitaritza Bulegoarena. Azken horrek, ordea, iritziz aldatu zuen, eta horrek ekarri du debekua.

Suitzan, animaliekin egindako esperimentuen gaineko aholku-batzorde bat dago, eta, haien ustez, proposatutako esperimentuak kaltegarriak ziren animalientzat. Animalien duintasunaren aurkakoak ziren. Suitzako konstituzioan, 2004an sartu zen bizidunen duintasuna aintzat hartu behar zela, eta horretan oinarritu zen aholku-batzordea.

Horren ondotik, Zuricheko Albaitaritza Bulegoak iritzia aldatu zuen, eta Zuricheko auzitegiak bi esperimentu horiek debekatu ditu. Epaiak, hala ere, ez du makakoen duintasuna aipatzen. Debekatzeko arrazoia beste bat da: esperimentuek hiru urteko diru-laguntza dute, eta gizarteak, denbora horretan, ez du haietatik onurarik jasoko; horrenbestez, ez dago justifikatuta animaliei sufriaraztea.

Hain zuzen, animalien sufrimendua eta gizartearen onura aintzat hartzen dituen legean oinarritu da auzitegia. Izan ere, Suitzako legeek zehazten dutenez, animaliak erabiltzeko baimena jasotzerako, neurtu egin behar dira gizarteak esperimentuetatik jasoko lukeen onura eta animaliei eragindako sufrimendua. Legearen arabera, ez litzateke bidezkoa izango animaliak erabiltzea esperimentu batean, ez bada onura handirik espero.

Ikerketa-institutuek, ordea, salatu dute auzitegiak beste era batera interpretatu duela legea, eta ez zaie bidezkoa iruditzen ikerketa bati berehalako onurak izan ditzala eskatzea animaliak erabiltzeko baimena izateko. Zuricheko Ikerketa Institutuko lehendakariordearen hitzetan, “bateraezina da oinarrizko ikerketarekinâ€.

Debekatu dituzten ikerketak, adibidez, institutu horrek eta Zuricheko Unibertsitateak elkarlanean egin behar zituzten, Neuroinfomatikako Institutuan . Batean, ikasketa-prozesuan garuneko kortexean gertatzen diren aldaketa batzuk aztertu nahi zituzten. Horretarako, besteak beste, hamabi orduz ez zieten edaririk eman behar makakoei. Horren bidez, lan berri bat egiten ikasitakoan jaso behar zuten sagar-zukuaren balioa areagotzea bilatzen zuten. Beste esperimentuaren helburua kortexeko mikrozirkuitua ulertzea zen, eta, horretarako, makakoak hil behar zituzten, mikrozirkuitua mikroskopioz aztertzeko.

Auzia, mundu osoan eztabaidagai

Makakoaren garuna eta gizakiarena antzekoak dira; horregatik, makakoak aproposak dira ikerketa jakin batzuetarako.
Princeton Unnibertsitatea

Ikertzaileen esanean, makakoak aproposak dira esperimentu horietarako, gizakiaren garunarekin antz handia dutelako haienak. Eta ezinbestekoa iruditzen zaie halako ikerketak egitea, garunaren oinarrizko biologia ulertzeko. Bestela, ezingo dira bilatu parkinsona eta beste gaixotasun neuronal batzuk sendatzeko bideak. Gainera, beldur dira bi ikerketa horiek debekatzeak beste hainbat ez baimentzea ekarriko duela.

Esaterako, 2005ean, 550.505 animalia erabili ziren esperimentuetan Suitzan. Aurreko urtean baino % 10,6 gehiago izan ziren, batez ere genetikoki eraldatutako saguen kopuruarengatik. Primateak, berriz, 408 izan ziren. Hala ere, joera gero eta animalia gutxiago erabiltzea da: 1983an, ia bi milioi erabili zituzten.

Eta hori ez da Suitzan bakarrik gertatzen; auzia mundu osoan da eztabaidagai. Esate baterako, Britainia Handian ere eztabaida bizia dago animalien eskubideak gizakienen parean jartzen dituztenen eta esperimentuetarako ezinbestekoak direla uste dutenen artean. Bi muturren artean, era askotako pentsaerak daude, baina Britainia Handian ikertzeko animaliak erabiltzen dituzten bost zentro garrantzitsuenek hiru R-en jarraibideak sortu zituzten, eta horren arabera jokatzen dute.

Hauek dira hiru R-ak: replacement, reduction, refinement ; hau da, ordezkatzea, murriztea eta fintasuna. Horrenbestez, lehenik, animalien ordez beste metodoak erabiltzeko gomendioa egiten dute (zelula-kulturak, ordenagailu bidezko simulazioak eta abar). Esperimentuan animaliak erabiltzea, beraz, azken aukera litzateke. Bigarren R-aren bidez, animaliak behar-beharrezkoak diren kasuetan, ahalik eta animalia gutxien erabiltzea gomendatzen dute. Eta, azkenik, haiek erabiltzeko teknikak findu behar direla zehazten dute, animaliei ahal den min eta estres txikienak eragiteko.

Europako Batasunean, berriz, 1986an sortu zen esperimentuetan erabiltzen diren animalien gaineko legedia, estatu bakoitzak zituen legediak bateratzeko. Animaliak nork eta zertarako erabil ditzakeen eta nola hazi eta erabili behar diren zehazten du legediak. Besteak beste, haztegiek eta laborategiek jarraitu beharreko arauak finkatzen ditu, eta berariaz aipatzen du animaliek ez dutela minik edo estresik jasan behar (horretarako, anestesia eta lasaigarriak erabil daitezke). Esperimentua amaitutakoan, animalia bizirik utzi edo hil ere erabaki behar du esperimentua diseinatzen duenak. Animaliaren mesedetan beti, baina, hori bai, zientziaren (gizakiaren) mesedetan erabili ondoren. Izan ere, badago beste aukerarik?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia