Huygens zunda Titan arakatzen
2005/02/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Saturno planeta berezia da. Bilatzen hasita, gure eguzki-sistemako planeta guztiei topatuko genieke berezi egiten dituen zerbait, baina gutako gehienok, irudia ikusita, errazen identifikatzen dugun planeta da Saturno, zalantzarik gabe. Eta arrazoia argi dago: Saturno eraztundun planeta da.
Saturno eraztun dotore batzuek inguratzen dute, bai, eta 31 satelite ditu; hau da, 31 ilargi! Hori entzunda ez da harritzekoa astronomo asko liluratu izana Saturnok. Baina kontuan izan behar da Saturnoren eraztunak eta orbitan dituen gainerako elementuak ez direla begi hutsez bereizten, eta ez hori bakarrik, teleskopio on samarra behar dela, gainera. Hori dela eta, teleskopioz lehenengo aldiz Galileo ospetsuak behatu zuen arren, 1610ean, ez zion eraztunik ikusi. Aitzitik, itxura aldatzen zuen planeta bat ikusi zuen.
Ia hirurogei urte behar izan zituzten konturatzeko planetak ez zuela itxura aldatzen, eraztun bat zuela eta haren inklinazioaren arabera jasotzen zutela irudi desberdina astronomoen teleskopioek. Christian Huygens nederlandarra iritsi zen ondorio horretara.
Huygens-ek Saturnoren eraztunak ikusi zituen, eta baita haren sateliterik handiena ere: Titan. Garai hartan, Jupiterren sateliteak baino ez ziren ezagutzen —Lurraren Ilargiaz gain, noski—, baina Titan izena ez zioten jarri berrehun urte geroago arte.
Saturnoren eraztunaren aurkikuntzak astronomoen interesa areagotu zuen, antza; izan ere, XVII. mendean astronomo ugari jarri ziren Saturnori begira. Horien artean, benetan liluratuta egon zen Giovanni Domenico Cassini italiarra. Astronomian aurkikuntza asko egin zituen; besteak beste, Saturnoren beste lau satelite —gerora Tetis , Dione, Rea eta Japeto izenak jaso zituztenak— eta Saturnoren eraztunen arteko tarte handiena.
Historiari begiratuta, beraz, ez da harritzekoa Saturno ikertzera bidalitako espazio-ontziari Cassini-Huygens izena jarri izana. Espazio-ontziak bi atal ditu, eta ataletako bati besteak beste eraztuna aurkitu zuen nederlandarraren izena jarri diote — Huygens zunda—, eta besteari bizitza Saturno behatzen eman zuen italiarrarena — Cassini ontzi inudea—.
Bidaia luzea Saturnoraino
Cassini-Huygens -ek urte batzuk behar izan ditu Saturno ingurura iristeko. Bidaiak zazpi urte iraun zuen, 1997ko urritik 2004ko abendura. Eta abenduaren 25ean, Eguberri egunean, bi atalak banatu egin ziren. Ordutik, atal bakoitzak dagokion lana egin du: Huygens Titanera jaitsi da eta jasotako datuak bidali ditu Lurrera Cassini -ren bitartez.
Esan bezala, Titan Saturnoren ilargi handiena da; are gehiago, Jupiterren Ganimederen ondoren, gure eguzki-sistemako sateliterik handiena da. Gainera, Merkurio eta Pluton planetak baino handiagoa ere bada. Baina Titanek berezi egiten duen beste ezaugarri bat du: atmosfera daukan satelite bakarra da gure eguzki-sisteman.
Bada Huygens -ek Titan izan du helburu. Bere atmosferan barneratu da, eta Titanen lurreratu da. Bidean argazkiak atera ditu, haizearen abiadura neurtu du, atmosferaren konposizio kimikoari buruzko datuak hartu ditu... eta haizearen hotsa ere bidali du espazio-agentzietara —bide batez, soinu hori entzungai dago Interneten, ESAren atarian—.
Arrakasta ala porrota?
Cassini-Huygens hiru espazio-agentziak elkarrekin egindako misioa da: Europakoak (ESA), Estatu Batuetakoak (NASA) eta Italiakoak. Lana banatu egin dute, eta Huygens zunda ESAren ardurapean egon da eta Cassini , berriz, NASArenean.
ESAkoak oso gustura daude Huygens -ek egin duen lanarekin, arrakasta itzela lortu duela diote, baina NASAkoak ez daude ados. Kontua da Huygens -ek espero zuten baino argazki gutxiago bidali dituela: Titanera jaitsi ahala zazpiehun bat argazki atera eta bidali behar zituen, baina erdiak, 350, besterik ez dituzte jaso Lurrean. Akatsa non izan den zehazki ez dakite, baina, diruenez, norbaiten hanka-sartzea izan da: zundak dituen kameretako bati ez omen zioten argazkiak ateratzeko agindua eman. Horrela nola funtzionatuko zuen bada?
Dena dela, argazki horiek ere ikusgai daude Interneten. Ez dira oso kalitate onekoak (kontuan izan Cassini-Huygens -ek ez duela oraingo punta-puntako tresneria, duela zazpi bat urte egindakoa da eta), baina gutxienez Titanen azalaren itxura ikusteko balio dute. Eta adituek espero zutena frogatu ahal izan dute: argazkietan ibaien arroak ikusten dira, beraz, Titanen ibaiak badira, edo izan dira noizbait.
Ondorioak ateratzeko goizegi da, ordea. Orain arte jaso dituzten argazkiekin eta datu fisiko-kimikoekin hilabetetarako, edo agian urtetarako, lana dute zientzialariek. Datu horiek egoki interpretatuta ateratzen dituzten ondorioen zain pazientziaz itxaron beharko dugu, beraz. Baina misioa ez da bukatu; orain Cassini-ren txanda da. Ea zer kontatzen digun Saturnori eta Saturnoren beste satelite handienei buruz.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia