}

Hubble-ren etorkizuna

2005/04/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Lurraren orbitan dugun teleskopio ezagunenak, Hubble-k, hamabost urte eman ditu lanean. Dagoeneko 750.000 argazki inguru egin ditu, eta espazioko txoko guztiak miatu ditu atmosferaren traba izan gabe. Baina, beharbada, bere onenak eman ditu. Azken urte hauetan, teleskopioa ordezkatu behar ote den ari dira pentsatzen NASAko teknikariak. Bateriak 2007an edo 2008an agortuko zaizkio, eta mantentze-lanak oso garestiak dira. Otsailean aurkeztu zuten aurrekontuaren arabera, NASAk ez du asmorik teleskopioaren bizitza erabilgarria luzatzeko. Dena dela, azken erabakia ez dute plazaratu oraindik . Hori bai, teleskopioa mantentzea erabakitzen badute, beste zerbait geratuko da dirurik gabe, jaurtigailuen proiektua, adibidez.