}

Homo floresiensis, giza espezie berria hominido galduen uhartean

2004/11/02 Orruño Aguado, Estibalitz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Giza espezie berri baten hezurrak aurkitu dituzte Indonesiako Flores uhartean. Antza denez, gizaki hori metro bat luze besterik ez zen, eta arabi-sagar baten tamainako garezurra zuen. Aditu askorentzat, azken 50 urteetako aurkikuntza antropologikorik garrantzitsuena izan da. Ez da gutxiagorako, iragan hurbilean giza aniztasuna uste baino handiagoa zela frogatzen baitu.

Aztarnak Liang Bua-ko kobazuloan aurkitu dituzte. Nature aldizkarian argitara eman denez, emakumezko heldu baten garezurra eta zenbait hezur aurkitu dituzte beste sei gizabanakoren hezurdura-zatiekin batera. Dirudienez, hominidoen aztarnak ez zeuden fosildurik eta hezurrak kontu handiz maneiatu behar izan dituzte. Horiez gain, harrizko tresnak eta Komodo dragoien eta Stegodon izenez ezagutzen den elefante ñimiño baten hezurrak ere aurkitu dituzte leku berean.

Aurkitutako eskeletoak Homo generoaren barnean sailkatu dituzte, eta espezie berriari Homo floresiensis izena jarri diote. Liang Buako hominidoaren hezurdurak ezberdintasun handiak dauzka Homo erectus eta Homo sapiens -enarekin alderatuz. Hala ere, arkeologoen ustez, Floreseko hominidoa Asiako H. erectus -en ondorengoa izan zen. Gure espezieak, hots, H. sapiens -ek ere Afrikako H. erectus -en du jatorria. Dena dela, oraindik ere aztertzeke dago espezie berriaren DNA. Azterketa horren emaitzak jakingo direnean behin betiko sailkapena egin ahal izango dute zientzialariek.

Bi datazio-teknika ezberdin erabiliz, H. floresiensis -en aztarnek 18.000 urte inguru dituztela ondorioztatu dute. Hortaz, litekeena da garai horretan gure espeziea eta H. floresiensis batera bizi izatea Indonesiako uharte horretan. Benetan zirraragarria da gugandik hain ezberdina den hominidoa duela horren denbora gutxi bizi izan zela jakitea. Izan ere, H. sapiens ez da izan hominido-espezie bakarra gure planetan duela oso gutxi arte. Oraindik ezinezkoa da jakitea bi hominido-espezie horien artean nolako elkarrekintza zegoen. Agian H. sapiens -ek hominido txikiak hil zituen? Edo janaria lortzeko bera baino handiagoa zen espezie baten aurka lehiatzerik ez zuelako desagertu ote zen H. floresiensis ?

Isolamenduaren ondorioz txikiagotua

Uharteetako isolamendua dela medio, nanismo endemikoak ikusi izan dira zenbait ugaztunetan. Dirudienez, irletako baldintzek animalia batzuk ohikoa baino txikiago izatea eragiten dute. Horien artean, uharteetako baliabide mugatuak eta harrapariengandik babes handiagoa izatea dira eragile nagusienak. Azken finean, nanismoa moldaera-prozesu baten ondorioa besterik ez da. Irletako zenbait animaliatan nanismo-kasu ikusgarriak ikusi izan dira. Adibiderik deigarrienetariko bat Siziliako eta Maltako elefante ipotxena da. Kasu horietan, lau metro luzeko arbasoetatik metro eskaseko elefanteak izatera pasatu ziren 5.000 urteko epe laburrean. Floresen aurkitu duten hominidoa ere horrelako nanismo-prozesu baten ondorioa izan daitekeela uste dute.

Umea, tximinoa, pigmeoa edo... zer ote?

H. floresiensis -en garezurrak 380 zentimetro kubikoko bolumena du. Gutxi gorabehera, oraingo gizakienaren laurdena. Hori dela eta, arkeologoek hominidoa aurkitu zutenean uste izan zuten ume baten hezurdura zela. Hortzen higadura antzeman zutenean, ordea, berehala konturatu ziren aztarna horiek hominido helduenak zirela.

Garezurren tamaina txiki hori dela eta, tximino bat izan zitekeela ere pentsa liteke. Dena den, Floreseko hezurduren morfologia ez dator bat tximinoenarekin. Besteak beste, espezie berriak letagin txikiak ditu eta derrigorrez bi hankakoa behar zuen izan. Ezaugarri horiek direla eta, hominidoen familiaren barnean sailkatu dute.

Umea edo tximinoa ez bada, posible al da Australopithecus -en aztarnak izatea Indonesian aurkitutakoak? Erantzuna, berriz ere, ezezkoa da. H. floresiensis -en eta Australopithecus -en gorputz-atalek ezaugarri ezberdinak dituztelako.

Laugarren aukera bat ere bururatuko zitzaion zenbaiti. Aztarnak H. sapiens pigmeo batenak izan zitezeeela, alegia. Oro har, gizaki pigmeoak txiki samarrak izaten dira, 1,4 edo 1,5 metro luze ingurukoak. Hala ere, pigmeoen buruaren tamaina ez da gizaki arruntena baino askoz ere txikiagoa. Hortaz, pigmeoen hipotesia ere bertan behera gelditzen da.

Tresnak erabiltzeko gai al zen hominido berria?

Floreseko hominidoa tresnak erabiltzeko gai ote zen ala ez eztabaida-iturri bilakatu da. Aurretik aipatu bezala, H. floresiensis -en aztarnen leku berean harrizko tresnak ere aurkitu dituzte. Aurkikuntza egin duten arkeologoek diote Indonesiako hominidoak tresna horiek erabiltzen zituela. Hala ere, beste zientzialari batzuek aurreko hori ezeztatu dute. Azken horien iritziz, aztarnategian aurkitu dituzten tresnak ez dira eskeletoen garai berekoak. Horrela izanik, litekeena da harrizko tresna horiek H. sapiens -enak izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia