
1,2 milioi urteko hominido baten barailezur-puska bat aurkitu du Atapuercan Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitateko zientzialari-talde batek. Dituen ezaugarriengatik uste dute Homo antecessor espezieko ale bat dela, Neanderthal gizakiaren eta gizaki modernoaren azkeneko arbaso komunarena, alegia. Nahiko txikia da, eta, horregatik, uste dute emakume bat izan zitekeela.
Europan inoiz aurkitu duten fosilik zaharrena da (orain arteko zaharrenek 800.000 urte inguru dituzte). Horrek iradokitzen du Homo generoko hominidoak uste zen baino lehenago iritsi zirela Europara. Dirudienez, ez zen oso luzea izan lehen hominidoak Afrikatik atera zirenetik (orain dela bi milioi urte inguru) Europarantz abiatu arteko aldia. Orduan bereizi ziren Asian hedatu zirenak eta Europarantz jo zutenak. Bereizketa horrek bi espezie eman zituen: Asia aldekoak Homo erectus bilakatu ziren, eta Europarantz joan zirenak Homo antecessor.
Argazkiak: EIA/Jordi Mestre
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.