}

Igurtzi eta piztu

2003/01/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Itsasoa zakarra zegoen; oso zakarra. Marinelak bazekien olatu batek eramanda hilko zela laster. Beraz, irtenbiderik ez zegoenez, lasaitu egin zen. Pipa kolkotik atera eta azken nahia gozatzeari ekin zion. Kulunka ero horretan ere kearekin asetzeko aukera. Halako batean, tabako usainak ezusteko bisitaria ekarri zuen txalupa-ingurura.
Pipa erretzaileentzat, ez omen dago egurrezko pospoloek ematen duten suaren parekorik.

Zilar-koloreko ontzi batetik astronauta bat jaitsi zen txalupara. Erabat harriturik, marinelak itzali berri zuen pospoloari so geratu zen. "Oraindik kea dario" esan zuen "Azkenean, denbora-makina hau lapurtzea merezi zuen. Laserrak suaren arrastoa ezabatu du nire gizartean". Marinelak, belauniko, irrikaz eskatu zion astronautari: "Atera nazazu hemendik. Eraman nazazu etxera bueltan, eta su bizia erakutsiko dizut".

Itsasoak txalupa irentsi zuenean, biak hegan zihoazen astronautaren ontzian.

Etxean, salbu, marinelak pospolo-kaxa erakutsi zion astronautari. Bakoitza besteak erabiltzen zuen ohiko teknologiarekin zegoen liluratuta. Baina bakoitza bere garaiko semea zen. Marinelarentzat jadanik 1849. urtea zen; astronautarentzat, 1849a oraindik. Nolanahi ere, jadanik edo oraindik, urte hartan pospoloak ohikoak ziren etxe guztietan.

Marinelek garaiko aurrerapen teknologikoak erabiltzen zituzten; horien artean, pospoloak.

Astronauta zoratuta zegoen: bere lagunak mugimendu sinple batez pizten zuen sua. Sorginkeria ematen zuen. Marinelarentzat oso egoera bitxia zen, ia barregarria. Pospoloaren 'funtzionamendua' azaltzearen eta erakustaldi xelebre bat antolatzearen truke, bizitza salbatu zion etorkizunetik etorritako gizonak.

Astronautak aspaldi ikusi zituen pospoloak historiako liburuetan, baina aurrez aurre izateak zirrara eta ezinegona sortzen zizkion. Zurezko makilatxo ziztrinak ziren, eta mutur batean fosforo zuriarekin eta sufrearekin prestatutako hauts zuri bat zuten itsatsita: oinarrizko teknologia, baina eraginkorra. Dena dela, astronautak ez zuen ulertzen nola erauzten zuen fosforoa jende horrek; oso tresneria zaharra eta sinplea zuen.

Fosforoa

Astronautak, dirudienez, ez zuen historia guztiz irakurri. Fosforoa gernutik erauzi zuten Robert Boyle-k eta beste batzuek 1680an. Gero, pixkanaka, metodologia hobetuz joan zen. Jende horrek, tresna gutxirekin bada ere, gauza harrigarriak egiteko gaitasuna zuen.

Pipa tabakoz bete zuen marinelak. Egun handia zen. Bizitza galdua berreskuratzeak pipa-pare bat merezi zuen. Astronautak pizte-prozesua arreta handiz begiratu zuen, han eta hemen zalantzak adieraziz eta azalpenak eskatuz. Marinelak beste pospolo bat piztu zuen sudurraren aurrean zalantza batzuen argibide emateko. Bigarren pospolo horrek askatutako kea usainduta, marinela hankaz gora erori zen. Hilzorian zegoen, egun berean bigarren aldiz.

Fosforo zuriak askatzen duen kea pozoitsua da; ez, ordea, fosforo gorriarena.

Marinelaren begiek laguntza eske egiten zuten oihu. Astronautak urduri baina interesatuta ikusi zuen eszena hura. "Banekien halako zerbait gertatzeko arriskua zegoela" esan zuen, ia pozik. Hala zen, irakurrita zuen. Fosforo zuri ospetsua oso substantzia egokia da igurtzita sua pizteko, baina modu horretan askatzen duen lurruna oso pozoitsua da. "Bazenekien, orduan, madarikatu hori" oihu egin zion hilzorian zegon koitaduak. Astronautak lasai egoteko erantzun zion. Fosforo gorria ere erabil zitekeen pospoloak egiteko; igurtzita, sua pizten du, baina ez da kaltegarria. "Ikasiko duzue arazo honi aurre egiten".

Marinelari berdin zitzaizkion gizartea, zientzia eta beste edozer. Heriotza merkeak ez du kontsolatzeko aukerarik ematen. Bizi egin nahi zuen, gogoz, baina ezin zuen. Hil egin zen.

Astronautak pospolo-kaxa jaso zuen eta denbora-makinan sartu zen urtez urteko bidaiari ekiteko. Historian atzera egiten zuen hegan, beti suaren arrastoei jarraitzeko. Aurreko geldialdietan labeak, ziriak eta su artifizialak ikusi zituen. Horrez gain, ia edozein materialez egindako pospoloak ere probatu zituen. Adibidez, XXI. mendekoek erabiltzen dituztenak, argizaritan bustitako paperezkoak, jaso zituen.

Pospoloen gaiak liluratu egin zuen astronauta. Horregatik, hurrengo geldialdian igurtzita pizten ez direnak lortuko zituen. Makilak ziren, jadanik jaso zituenak baino handiagoak, baina txikiak hala ere. Mutur batean sufrea duen hautsa zuten, baina ez ziren igurtzita pizten; beste nolabait piztu behar ziren. Astronautarentzat oso interesgarria zen.

Bilduma ederra egiten ari zen. Suari buruzko museoa egin eta liburu eder bat osatuko zuen bidaian jasotako guztiarekin. Liburua saltzen bazen, ondo. Eta liburua ez bazen saltzen, gaitzerdi. Su emango zion.

Nahiz eta ezagunenak mota honetakoak izan, era askotako pospoloak egin dira historian zehar.

Ontzian zegoela, marinelaren piparekin gogoratu zen. Tabakoaren eta egurraren nahaste horrek usain goxoa zuen; zorabiatzeko modukoa. Horregatik, abiatu baino lehen eta pospolo-kaxarekin batera, astronautak pipa eta tabakoa jaso zituen eramateko. Orain, berriz, erretzeko premia sentitzen zuen.

Pipa piztu zuen, baina segituan itzali zitzaion. Berriz piztu. Berriz itzali. Ez da erraza pipa luze izatea piztuta. Lan horretan, pospoloak bukatu egin zitzaizkion. Bere bildumarako azken lorpena ia konturatu gabe erre zuen.

Baina konponbidea sinplea zen. Atzera itzuli, eta marinela olatuen artean topatu zuen berriz…

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia