}

Columbia-ren istripua

2003/02/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Columbia transbordadorea airean desegin zen joan den larunbatean lurreratzeko minutu gutxi falta zirenean. NASAk ikerketa hasi du istripuaren zergatiak argitzeko, baina aditu askok dagoeneko eman dute iritzia. Antza, ontzia atmosferaren marruskaduratik babesten zuten plaketan egon daiteke gakoa.
Larunbateko istripuan eskifaiako zazpi kideak hil ziren.

Transbordadore espazialek

marruskadura eta bero handia jasan behar izaten dute espaziotik jaitsi eta atmosferan sartzen diren aldi oro. Hamar bat minutuz edo, 1.650 ºC-ko tenperaturak jasaten dituzte. Beraz, bertan desegin ez daitezen ondo babestuta egoten dira .

Transbordadoreek bi motatako materiala izaten dute. Marruskadura gehien jasaten duten guneak, ontziaren eta hegoen muturrak, karbonoarekin sendotutako erretxinaz babestuak egoten dira. Material hori silizio karburozko geruza batek estaltzen du eta gai da desegin gabe 1650 ºC jasateko.

Gainontzeko zatiek hori baino tenperatura txikiagoak jasaten dituzte eta silizio-zuntzez egindako plakekin estaltzen dira. Plakak material zeramikoen gisan sintetizatzen dira eta beroa barreiatzeko gaitasun ikaragarria dute; pentsa, labetik gori-gori atera eta segundo batera eskuetan har daitezke. Baina, aldi berean, oso porotsuak dira eta ez dute pisu handirik izaten. Beraz, espazioan erabiltzeko oso egokiak dira.

Azkeneko urteetan boroa gehituta material hobeak sintetizatu dira, eta transbordadoreen gune jakin batzuetan siliziozko plaken ordez horiek erabili dira, baina, oro har, oraindik siliziozko plakak erabiltzen dira ontzien gorputza babesteko.

Egunotan aipatu diren plakak sendoenetakoak dira, karbonoarekin sendotutako erretxinazkoak, alegia. Dirudienez, transbordadorea espazioratu zenean zerbaitek ezker hegalean jo zuen eta orain uste da kolpeak plakaren bat jausarazi edo hondatu zuela. Ondorioz, atmosferan sartzean, gune hori gehiegi berotu eta istripua eragin zuela esan da.

Columbia transbordadorean hainbat ikerketa zientifiko egin ziren SPACEHAB ikerketa-moduluan. Modulua 100 milioi euro kostatu zen.

NASA ontzia espazioratu eta hurrengo egunean konturatu zen erregai-tanketik zerbait jausi zela, jaurtiketaren bideoak ikusi zituenean; baina azterketak egin eta ontzia ongi zegoela ondorioztatu zuten. Istripuak, ordea, gertakari hartan jarri du arreta guztia. NASAk ikertzen dihardu, ontziaren zatiak jaso eta suntsitu aurretik jasotako datuak aztertzen. Oraingoz, ez dute deus argirik esan.

Transbordadore zaharrena

Dena dela, plakak jaustea ez da egunotan aipatu den hipotesi bakarra. Columbia NASAren transbordadorerik zaharrena zen,
22 urte, eta batzuek uste dute zaharregia zela. Bidaia bakoitzaren amaieran ontziaren plaka guztiak berrikusi eta hondatutakoak aldatzen badira ere, materiala ‘nekatua’ zegoela uste dute aditu batzuek.

Columbiak 28 bidaia egin ditu guztira, baina oso gutxi 1999tik hona. Urte hartan hainbat berrikuntza egin zizkioten eta, geroztik, joan den urtean baino ez zen espazioratu. Bidaia hau berritu ondorengo bigarrena zen eta 2002ko uztailerako zegoen iragarrita. Garai hartan, ordea, pitzadurak aurkitu zituzten transbordadore guztietan eta hegaldiak atzeratu egin ziren.

Izan ere, itxura oso bestelakoa izan arren, transbordadoreak ez dira batere asmakizun berria. NASAk 1980an egin zituen behin eta berriz erabil zitezkeen ontziak eta, orduan iraultza handia izan baziren ere, asmoa haratago joatea zen.

Transbordadoreak hamarkada batez edo erabiliko ziren eta bitartean ontzi seguruagoak eta merkeagoak garatuko zituzten. 1994an Garraio Aurreratuko Programa jarri zuen NASAk martxan, ordukoa baino hamar bider merkeagoa eta seguruagoa izango zen teknologia garatzeko.
X-33, X-34, X-37 eta x-38 izendatu zituzten ibilgailu berriak, baina mila milioi dolar xahutu ondoren, ibilgailuak garestiegiak zirela erabaki eta bertan behera utzi zuten proiektua orain bi urte. Beste estrategia baten bila hasiko zirela iragarri zuten eta, bien bitartean, transbordadoreekin segituko zutela, ahal izanez gero, 2020tik aurrera ere bai.

Bistan da NASA ez dela urrezko garaia pasatzen ari. Estatu Batuetako gobernuak asko murriztu dizkio aurrekontuak azkeneko urteetan eta, istripuaren ildotik, batek baino gehiagok esan du diru-eskasiak segurtasun-neurriak gutxitzea ekarri zuela.

Joan den urteko apirilean bertan, hegaldien segurtasunaz arduratzen diren adituek Estatu Batuetako kongresuan salatu zuten NASAren jokaera. Segurtasuna ez zela behar bezala zaintzen ari esan zuten orduan. Hamar urtean % 40 murriztu da transbordadoreen aurrekontua eta, horren aurrean, NASAk lanen kalitatea murriztu duelakoan zeuden.

Columbia transbordadorearen lehen jaurtiketa. 1981eko apirilaren 12an.

NASAk talde horretako bederatzi kidetik bost kalera bota zituen kritikak egin ziren garaian, ustez, jende gazteagoari tokia uzteko.

Baina kritika eta kritika artean, berri pozgarriak ere jaso ditu NASAk egunotan, Bush presidenteak NASAren aurrekontuak
% 3 handituko dituela esan baitu. Hurrengo ekitaldirako 14.500 milioi euro izango ditu NASAk eta transbordadoreentzat 3.826 milioi euro 3.210 milioiren ordez.

Nazioarteko Espazio Estazioa

Azken boladan NASAren aurrekontu-arazoek Nazioarteko Espazio Estazioaren proiektua ere kolokan jarria zuten, ez baitziren diruz ‘eskas’ zebiltzan bakarrak.

Joan den urteko irailean errusiarrek Soiuz ontzi gehiago eraikitzeko dirurik gabe zeudela jakinarazi zuten, eta segituan lanean hasi ezean, 2004an astronautek ez zutela estaziora non bidaiatu izango. Kexua plazaratu eta berehala dirua eman zieten; beraz, badirudi gauzek hobera egin dutela, nahiz eta estazioaren hasierako helburuak nekez beteko diren .

Hainbat web gune interesgarri:
NASA
NASA Human Spaceflight
Space Transportation System
Spaceflightnow

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia