}

Cassini Saturnora iristear

2004/06/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Saturno eguzki-sistemako planetarik ederrenetakoa da, baina zailtasun nabarmen bat du haraino iristeak: distantzia. Gugandik Marte baino askoz ere urrutiago dago, Eguzkitik 1.500 milioi kilometrora. Beraz, espazio-ontziek eguzki-panelak erabili ohi dituzten arren, Cassini -k plutonio erradiaktiboa erabiltzen duten generadoreak behar izan ditu bidaia luze hori egiteko. Hori dela eta, batzuk Cassini -ren aurka azaldu ziren, jaurtipenean istripuren bat gertatuz gero, hondamendia gerta zitekeelako.
Agustin Sanchez-Lavega eta bere ikerketa-taldea.

Baina zunda dagoeneko Saturnora iristear dago. Hori bai, han ezingo du lurreratu, Marten bezala. Planetaren orbitan geratu beharko du, hidrogeno eta heliozko gas-bola erraldoia baita Saturno. Agustin Sanchez-Lavega astrofisikariaren iritziz "Espazio-ontziren bat Saturnon lurreratuko balitz, erabat birrinduko litzateke berehala, Galileo Jupiterren izan zenean bezalaxe. Izan ere, presioa izugarri handia da han. Ezerk ezin du lurreratu gasez osatutako mundu hauetan, mundu izoztu hauetan."

Cassini zundak, orbitatik bada ere, Saturnoren misteriorik handienak argitu beharko ditu. Esaterako, zergatik dituen eraztun distiratsu horiek. Edo nolakoak diren biraka ari zaizkion 31 sateliteak. Dagoeneko jarri da haiei begira, eta bidali ditu hainbat argazki: azkenekoa, Ilargi Beltza izeneko satelitearena.

Baina, batez ere, Titan izeneko ilargi gorrizta aztertuko du. Saturnoren inguruan sei hilabete egindakoan, zundak Huygens izeneko robota askatuko du, eta, hori bai, Titanen azalean lurreratuko da, haren azala solidoa baita. Titanen atmosferan, Lurrean bizia sortu aurretik zeuden antzeko kondizio kimikoak aurkitzea espero dute. Misioaren erakargarritasuna azpimarratzen du Agustin Sanchez-Lavegak: "Badirudi Titanen azalean hidrokarburo likidoz osatutako putzuak, aintzirak edo, are gehiago, ozeanoak egon daitezkeela. Pentsa zein ikusgarria izango litzatekeen petrolio-lakuak aurkitzea! Askotan adarra jotzen diogu elkarri horrekin: petrolio-konpainiek jakingo balute, Saturnoren ilargia ustiatzen hasi nahiko lukete!"

Saturnoren Titan ilargia aztertuko du, batez ere Cassini misioak.

Orain zientzialarien kezka da non eroriko ote den Huygens robota. Izan ere, hidrokarburozko itsaso batean eroriko balitz, ez dakite zenbat iraungo lukeen robotak hondatu gabe.

Cassini misioak badu beste helburu bat ere: Saturnoko meteorologia aztertzea. Izugarrizko ekaitzak eta haize bortitzak izaten dira planeta horretan, irudietan ageri direnak bezalakoak: orduko 1.800 kilometroko abiadura duten haizeak; Lurreko edozein urakan baino askoz ere bortitzagoak. Agustin Sanchez-Lavegak eta haren taldekideek horixe ikertzen dute Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolatik. "Saturnoko atmosferaren dinamika ikertzeak interes handia du. Lurrean, Eguzkiaren beroak eragiten ditu haizearen, atmosferaren mugimenduak. Alegia, Eguzkiak gure planeta argitzen du, eta Lurrak eguzki-erradiazioak xurgatzen ditu. Atmosfera berotu, eta planetak, biratzean, atmosfera mugimenduan jartzen du. Hori da haizea, azken finean. Saturnora, ordea, Eguzkitik horren urrun egonik, oso erradiazio gutxi iristen da: Lurrera iristen denaren ehuneko bat besterik ez. Hortaz, nola liteke hain planeta hotzak, azalean zero azpitik 180 gradu dituenak, orduko 1.800 kilometroko haizeak izatea?"

Saturno, Cassini- k igorritako argazkietako batean.

Agustin Sanchez-Lavegak 10 urte daramatza Saturnoko hodeien eboluzioa aztertzen. Haren iritziz, Saturnoko meteorologia ezagutzeak Lurrekoa argitzen lagunduko digu. Izan ere, oraingoz, gehienez 5 eguneko eguraldia iragar dezakegu Lurrean. "Gure planetaren atmosferaren eredu bat probatu nahi dugunean, Lurrean egin behar dugu. Baina meteorologia azter daiteke eredu horiek beste planeta batzuetan balio duten ikusita. Laborategietan ezin dugu egin gasa jirabiran dabilen esferarik, ezinezkoa da. Beraz, laborategirik egokienak eguzki-sistemako beste planetak dira."

Cassini -k eta Huygens -ek bidalitako datuen zain daude ikertzaile hauek. Oraingoz, zundak ondo iristearekin konformatu beharko dute, hori izaten baita, askotan, espazioko misioen zailtasunik handiena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia