}

Ibilaldi espazial luzeena

2001/03/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Discovery transbordadore espazialeko bi kide 8 ordu eta 56 minutuz ibili dira espazioan. Konponketa batzuk eta hainbat egokitzapen-lan egin ondoren, espazioan luzaroen ibili diren astronauta-bikotea izatearen ohorea eskuratu dute.

Joan den ostegunean Discovery transbordadorea Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS) abiatu zen eta larunbat goizeko 09:51n akoplatu zen estazioarekin. Lurreko Kontrol-zentroaren eta transbordadorearen arteko komunikazio-arazoak zirela eta, atzerapenez egin zen akoplamendua, baina Juri Usatxev, James Voss eta Susan Helms astronautak ISSn dira dagoeneko. Haiekin batera Andrew Thomas astronauta joan da, nahiz eta ez den ISSn geratuko.

9 orduko lana

Uztailera arte beren etxea izango den horretan sartu baino lehen, "etxaurrea" txukundu behar izan dute James Voss eta Susan Helms astronauta estatubatuarrek. Igande goizaldean, Leonardo modulu logistikoa akoplatzeko lekua prestatu zuten. Voss eta Helms-ek kableen arteko konexioak egin zituzten eta Andrew Thomas-ek, beso mekaniko baten laguntzaz, Discovery -tik bertatik kokatu zuen Leonardo modulua bere tokian.

Leonardo modulua Italiako espazio-agentziak eraiki du eta Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS) iritsi den lehen osagai europarra da. ISSra doan eta ISStik datorren materiala garraiatzeko apropos eraiki da Leonardo , eta bera bezalako hiru gehiago prestatuko dira etorkizunean. Lehenengo bidaian 4,5 tona material garraiatu ditu, besteak beste, ikerketa zientifikoak egiteko ekipoak eta estatubatuarren Destiny moduluko tresnak instalatzeko euskarriak. Hurrengo egunetan ISSko astronautek modulua hustuko dute eta martxoaren 17an Lurrera itzuliko da berriro Discovery -rekin batera. Itzuleran, estazioko zaborrez eta han gehiago behar ez den tresneriaz beteta etorriko da Leonardo . Eta Leonardo -rekin batera, lau hilabete estazioan eman duten hiru astronautak Lurrera itzuliko dira.

Leonardo modulua akoplatzeaz gain, Voss eta Helms astronautek plataforma bat instalatu zuten Destiny laborategiaren kanpoaldean, gerora han antena bat eta kanadarrek eraikitako beso mekaniko bat ipiniko baitira apirilean.

Istripuak

Egin beharrekoak egin zituzten arren, hainbat istripu txiki izan zituzten bi astronautek. Susan Helms Disvovery-tik ateratzen ari zela poltsa batek ihes egin zuen, nahiz eta urrutiegi joan aurretik harrapatu zuten. Baina plataformaren oinarrian ipintzeko euskarri batek eskuetatik alde egin zienean ez ziren hura berreskuratzeko gai izan eta, nahi gabe, estazioarekin batera higitzen den satelite txiki bat sortu zuten. Zorionez, ordezko euskarria bazegoen eta plataforma instalatu ahal izan zuten.

Discovery transbordadorea martxoaren 17ra arte egongo da ISSri lotuta. Bitarte horretan sei astronautek hainbat esperimentu egingo dituzte eta, ondoren, Bill Shepherd estatubatuarra, eta Juri Gidzenko eta Sergei Krikaliev errusiarrak Lurrera itzuliko dira. Hiru horiek ISSko lehen tripulazioa osatu dute eta joan den azarotik daude han.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia