Iberiar penintsulako Neolito ondorengo migrazioen 4.000 urteko historia argitu dute
2018/03/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iberiar penintsulako historiaurreko 4.000 urteko tartean izandako migrazioak eta dieta aztertu dituzte, datu arkeologiko, genetikoak eta isotopikoak erabilita. Horri esker berretsi dute, besteak beste, penintsulara iritsi ziren Neolitoko lehen nekazarien ondorengo zuzenetarikoak direla gaurko euskaldunak. Geroago, Brontze Aroan, beste migrazio bat iritsi zen Europa erdialdetik, eta litekeena da hizkuntza indoeuroparra ekartzea haiekin. Dietari dagokionez, berriz, 4.000 urte horietan nekazariek apenas aldatu zela frogatu dute.
PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Egileen artean Eneko Iriarte Avilés Burgosko Unibertsitateko ikertzailea dago, eta, haren esanean, nabarmentzekoa da, ikertutako genomen artean, Iberiar penintsulako Neolitoko inoizko zaharrena (Cueva de los Murciélagos de Zuheros aztarnategikoa, Kordoban, duela 7.245 urtekoa) eta Europako hegoaldeen hartutako beste arrasto batzuena. "Hori esanguratsua da, bertako klima idorrak zaildu egiten duelako lagin onak lortzea, eta, gainera, balizko Afrikako migrazioen eragina bilatzeko leku aproposa delako", azaldu du Iriartek.
Diziplinarteko ikerketa horren emaitzetatik, ondorio hau azpimarratu du: “Neolitoan Iberiar Penintsulara nekazaritza eta abeltzaintza ekarri zuen giza taldea nahiko txikia zela ondorioztatu dugu, dibertsitate genetiko baxua erakusten baitute. Honek Neolitoan Europa erdialderantz eta iparralderantz joandako beste populazioetatik bereizten ditu. Mediterraneo kostaldetik iritsi ziren, eta egungo Sardiniako eta Euskal Herria inguruko populazioak haien ondorengo zuzenentzat har daitezke. Penintsulara iritsi ahala, bertako populazioekin nahastu eta ondorengoen genetika segituan aberastu zen”.
Neolito bukaeran, berriz, Estepa Pontikotik etorritako Yamna kulturak erabat aldatu zuen Europa erdialdeko populazioa. Penintsulara bost mende geroago iritsi zela azaldu du Iriartek. Haiek utzitako arrasto genetikoa nabarmena da Euskal Herriko gizonen artean, haietatik etor baitaiteke Y kromosomaren R1b-DF127 haplotaldea, “Iberiar penintsulako gizonen artean ugariena (% 40), bereziki euskaldunen artean (% 70)”, zehaztu du.
Dieta ezagutzeko, berriz, karbono-, nitrogeno- eta oxigeno-isotopoen azterketa egin diete arrasto guztiei, eta ikusi dute 4.000 urte horietan dieta bertsua izan zutela. “Antza, etorkinen bizimodua eta kultura ez ezik, dieta ere onetsi zuten”, esan du Iriartek.
Haren ustez, ikerketak argi erakusten du lekuan lekuko ikerketak beharrezkoak direla giza taldeen migrazioak “konplexutasun osoan” ulertzeko. Izan ere, agerian utzi du Europako mendebaldeak berezitasunak dituela, kontinente osoarekin alderatuta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia