Iberiar penintsulako irasagar- eta mizpira-hazi zaharrenak, Hondarribian
2011/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iberiar Penintsulako irasagarren eta mizpiraren hazi zaharrenak jaso ditu Hondarribian Arkeolanek, CSICeko Arkeobiologia ikerketa-taldeak egindako ikerketaren arabera.
Ikerketa horretan, hainbat fruitu mamitsuri buruzko informazioa bildu dute, hala nola gereziari, melokotoiari, mahatsari, pikuari, irasagarrari eta mizpirari buruzkoa. Halaber, zenbait fruitu lehor eta zereal aurkitu dituzte; baita zenbait kalabaza-motaren haziak ere. Oro har, emaitzak adierazgarriak dira Erdi Aroko elikadura ezagutzeko. Dena den, deigarriena irasagarraren eta mizpiraren testigantzak dira. Izan ere, orain arte espezie horiek ezezagunak ziren Iberiar penintsulako erregistro arkeobotanikoan.
"Irasagarraren 6 hazi eta mizpiraren 87 hazi aurkitu ditugu Hondarribiako Panpinot kaleko 12 eta 14 zenbakietan eta Olazabal lursailean, 2002an eta 2004an --hurrenez hurren-- egindako indusketetan", azaldu du Arkeolaneko Pia Alkainek.
"XIV. eta XVI. mendeko hazi horiek guztiak uretan eta oxigenorik eta argirik gabeko kondizioetan zeuden. Baldintza horiek ezinbestekoak dira materia organikoa mantentzeko. Oro har, denboraren poderioz zertxobait belztuta baina egoera onean aurkitu ditugu guztiak", gehitu du Alkainek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia