Iberiar penintsula erlojuaren norabidean biratzen ari da

EHUko HGI taldekoak Mediterraneo mendebaldean Eurasia eta Afrika elkartzen diren eremuan lurrazala nola konprimitzen eta deformatzen den aztertu du.

Asier Madarieta Txurruka HGI taldeko ikertzailea, Mendikate Betikoan GNSS sare bat instalatzen. Arg: EHU


EHUren HGI Hidro-Ingurumeneko Prozesuak Ikertaldeko kideek azaldu dutenez, Mediterraneo mendebaldean, Alboran domeinuak erabat baldintzatzen du Eurasia eta Afrika plaken arteko muga. Eremu hori mendebaldera mugitzen ari da eta Gibraltarko arku aktiboaren garapena bultzatzen du, Mendikate Betikoa eta Rif mendikatea lotuz. Dinamika hori hobeto ezagutzeko asmoz, ikerketa bat egin dute, azken urteotan gertatu diren lurrikaren datuak eta satelite bidez eskuratutako deformazio-datuak erabilita.

«esfortzu- eta deformazio-eremuei buruzko datuak baliagarriak dira faila aktiboak identifikatzeko»

Baieztatu dutenez, datuek berresten dute Iberiar penintsula erlojuaren norabidean biratzen ari dela. Izan ere, ikusi dute Gibraltarreko itsasartetik ekialdera Eurasia-Afrika arteko talkak eragindako deformazioa Gibraltarko arkuko lurrazalak xurgatzen duela, esfortzuak Iberiara transmititzea saihestuz. Gibraltarreko itsasartetik mendebaldera, aldiz, Iberia (Eurasia) eta Afrikako plaken arteko talka zuzena gertatzen da, eta uste dute horrek eragin dezakeela esfortzuak Iberiako hego-mendebaldera transmititzea, Iberia hego-mendebaldetik bultzatuz eta erlojuaren norabidean biraraziz.

Faila aktiboen datu-basea

Horrez gain, esfortzu- eta deformazio-eremuei buruzko datuak baliagarriak dira faila aktiboak identifikatzeko. Hain zuzen, beste ikerketa-talde batzuekin batera, Iberiako faila aktiboen datu-basea osatzen ari dira. Onartu dute, lan handia egiten ari garen arren, zenbait eremutan asko dagoela egiteko; adibidez, Pirinioetako mendebaldean (Nafarroa) eta Gibraltar arkuaren mendebaldean.

Ikertzaileak adierazi duenez, ikerketan sortutako datu-baseak osatu egin ditu lehen erabiltzen ziren datu-baseak, eta horrek emaitzen eta ondorioen fidagarritasuna handitzen du. Gainera, aurreratu dute hemendik aurrera esponentzialki haziko dira datuak: besteak beste, deformazioak zehatzago kalkulatu ahal izango dituzte, baita informazio gutxi duten tokietan ere.

Gondwana Research aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali