Ibaietako arrain migratzaileak, gainbehera larrian

Angulak. - Arg. Jack Perks/Shutterstock.com.


Ur gezako arrain migratzaileak desagertzeko arriskuan daude, Nazio Batuen Espezie Migratzaileen Kontserbazioari buruzko Konbentzioak aurkeztu duen txosten batek. Txosten horren arabera, lehendik zerrendatuta zeuden 24 espeziez gain, beste 325 arrain-espeziek ere babes-neurriak behar dituzte. Zerrendan dauden espezieetatik 50 Europakoak dira, eta horien artean daude aingira, izokina eta kolaka.

Azterketak erakutsi duenez, ur gezako arrain migratzaileen populazioak %81 jaitsi dira 1970etik. Gainera, zerrendan dauden espezieen ia %97 desagertzeko arriskuan daude.

Gainbehera horren atzean daude, besteak beste, presak, azpiegitura hidraulikoak eta ibaietako konektibitatea eteten duten bestelako oztopoak. Arrain askok ibai-korridore luze eta etenik gabeak behar dituzte ugalketa-, elikadura- eta hazkuntza-eremuak lotzeko. Bide horiek eteten direnean, populazioak azkar murrizten dira. Bestetik, kutsadura, gehiegizko arrantza eta klima-aldaketa ere ari dira espezie horien gainbehera eragiten.

Txostenak azpimarratzen du espezie horiek planetako mehatxatuenen artean daudela, eta haien kontserbazioa ezin dela ulertu nazio bakarren ikuspegitik: askotan, arrain migratzaileek hainbat herrialde zeharkatzen dituzte beren bizi-zikloan. Horregatik, nazioarteko lankidetza indartzea funtsezkoa dela nabarmendu dute adituek. Neurri praktikoak ere proposatu dituzte: migrazio-korridoreak babestea, emari ekologikoak bermatzea, arro-mailako kudeaketa-planak ezartzea eta arrantza modu koordinatuan arautzea.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali