ARIANE 5-ESCA kohetea lehertu eta Atlantikora erori da
2002/12/12 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Espazio-ontzi hori aireratzeko bigarren saiakera izan zen atzokoa. Lehenengo aldian, azaroaren 28an, kontaketa gelditu egin zuten kontroleko ordenagailuetan aurkitu zituzten akats batzuen ondorioz.
Koheteak bi satelite komertzial zeramatzan: Eutelsat telekomunikazio-enpresa europarraren Hotbird TM7 -a eta CNEs Frantziako espazio-ikerketen zentroko telekomunikazio-satelite esperimentala. Bi sateliteen balioa 630 milioi eurokoa zen.
Leherketaren ondorioz, datorren urterako programatuta zeuden Ariane 5 koheteen jaurtiketa guztiak atzeratu egin dira. Horien artean garrantzitsuena urtarrilaren 12rako programatua zegoen jaurtiketa da. Koheteak Rosetta zunda eraman behar zuen, Wirtanen kometa ikertzeko. Kometaren gainean lurreratu eta haren azaleko egitura aztertu behar zuen, baita Eguzkiaren eraginez zein aldaketa gertatzen diren ere.
Kometara heldu aurretik, ostera, Lurraren inguruan bi bira eman behar zituen eta Marteren inguruan beste bat. Horrela, kometara heltzeko behar zuen posizio egokia lortuko zuen. Alabaina, kometa horretara heltzeko, jaurtiketa egun zehatz batzuetan egin behar da; urtarrilean, hogei eguneko tartean. Jaurtiketa guztiak atzeratzen badira, ordea, zunda beste kometa batera bidali beharko da.
Satelite komertzialen merkatua galtzear
Datorren urteko proiektuen atzerapenaz gain, berri txar gehiago dakartza leherketak Arianespace enpresa europarrarentzat. 1990eko hamarkadan satelite komertzialen merkatua zabaldu zenetik, Arianespacek lortu du merkatuaren gehiengoa bereganatzea. Bere atzetik dauden Lockheed Martin eta Boeing enpresa estatubatuarrek proiektu militarrak bakarrik izan dituzte esku artean.
Baina, dirudienez, Airanespacek izan dituen azken arazoek estatubatuarrei ateak ireki dizkiete. Bi enpresa horiek lehertu den kohetearen oso antzekoak eraiki eta froga arrakastatsuak egin dituzte dagoeneko. Horregatik, litekeena da Arianespacek zituen bezero batzuek beste enpresa horietara jotzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia