}

Arabidopsis thaliana landarearen genoma sekuentziatuta

2001/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Amaitu berri den urtea matematikaren urtea izan da ofizialki, baina genetikaren urtea ere izan zitekeen. Martxoan Drosophila melanogaster euliaren genomaren sekuentzia osatu zen, ekainean Giza Genomaren Proiektua ibili zen guztion aho eta belarritan, eta abenduan, berriz, landarei tokatu zaie txanda. Arabidopsisen Genomaren Proiektuko arduradunek landarearen genoma eskuetan dutela plazaratu dute berriki. Berri pozgarria eta gainera edukizkoa. Izan ere, ez dute ADNkateen sekuentzia soila egin, informazio ordenatua eskuratzeaz gain, gene askoren funtzioa ezagutzea lortu baitute ikerlariek.

Lanean ez ziren atzo hasi, ordea. Arabidopsis thaliana 1980tik erabiltzen da landareen biokimika, fisiologia eta garapena ulertzeko eredu gisa. Landarearen lehen mapa genetikoa 1983an egin zen eta, harrez gero, ikerketa ugari bildu da proiektuaren inguruan. Eta zergatik Arabidopsis? Tamainaz txikia delako, azkar ugaltzen delako, hazi ugari ematen duelako eta genoma txikia duelako. Azaren familiako belar txar hau laborategietan erabiltzeko ezin aproposagoa delako, alegia.

Joan den urtean bi kromosomen sekuentzia osatu zen eta orain falta ziren hirurak amaitu dira.
Arabidopsis thalianaren genoma izaki eukarioteen artean deskodetu den zehatzena da. Guztira 26 bat mila gene identifikatu dira, nahiz eta diferenteak direnak ez diren 15.000ra iristen. Bizi-funtzio zehatzak zein generen esku dauden ikusi ahal izan da eta organismo zelulanitzen arteko berdintasun eta ezberdintasunen oinarri genetikoa agerian geratu da. Landareen genoma ezagutzeak prozesu ebolutiboak aztertzeko balio du batetik; bestetik, ezin ahantz daiteke gizakiok elikagai- eta botika-iturri gisa erabiltzen ditugula landareak. Nekazaritzak ere probetxu handia atera dezake landare-genometatik

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia