Hyperion, planetak esploratzeko robota
2001/08/08 Elhuyar Zientzia
Argazkian ikus dezakezuen bizikleta ez da datorren urteko Tourrerako aurkeztu duten azken prototipoa. Carnegie Mellon Unibertsitateko Robotika Institutuan diseinatu dute, eta etorkizunean planetetako eta ilargietako lurra esploratzeko erabiliko diren roboten lehen bertsioa da. Bizikleta-itxurako robot horrek panel fotovoltaikoak ditu, eguzki-energia energia elektriko bihurtu eta bateriak kargatzeko.
Uztailean, Hyperion robota Kanadako Artikoan dagoen Devon irlan probatu zuten. Lehenengo esperimentuan 6,1 kilometroko ibilbidea egin zuen, Haughton kraterraren inguruko lur-eremuan. Lehendik ere, NASA krater hori aztertzen ari da, Marteko lurraren antzekoa delako. Ibilbidearen % 95 kanpotik inolako agindurik jaso gabe egin zuen; gainerakoa egiteko, ostera, urrunetik kontrolatu behar izan zuten.
Ikertzaileen arabera, oso emaitza onak izan zituzten. Zati zailenak gainditzeko uste baino denbora gehiago behar izan bazuen ere, zati errazenetan aurretik galdutako denbora erraz irabazten zuen. Gainera, hasieran zein bukaeran bateria guztiz beteta zuela nabarmendu zuten. Emaitza on horiek ikusita, bigarren saiakeran ibilbide luzeagoa eta zailagoa jarri zioten, konpondu beharreko arazoak detektatzeko. Horien artean, Eguzkiaren norabideari jarraitzeko zailtasunak zituela ikusi zuten.
Hurrengo urratsa, beraz, arazo horiei irtenbidea aurkitzea eta robota beste planeta eta ilargi batzuetan erabili ahal izateko prestatzea da, izan ere, prototipo hau Lurrerako diseinatuta baitago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia