Hurrengo geltokia, Marte
2003/06/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Marte ezagutzeko grina ez da, ez, atzo goizekoa, eta ez da harritzekoa, batez ere, kontuan hartzen bada Lurretik nahiko hurbil dagoela eta kolorea ere berezia duela. Koloreaz gain, ordea, baditu beste berezitasun batzuk, eta horietan oinarrituta, hamaika ipuin eta uste zabaldu dira. Adibidez, 1870 inguruan, teleskopioaren bidez Marten ubideak ikusi zituela adierazi zuen Giovanni Schiapparelli astronomoak. Horrek zenbait astronomia-zaleren imajinazioa piztu zuen, eta ubide horiek izakiak egindako ubide artifizialtzat hartu zituzten.
Gainera, urtaroen arabera, planetaren azaleko koloreak aldatu egiten dira; horregatik pentsatzen zen urtaro beroetan landaretza sortzen zela eta hotzetan, berriz, desagertu. Zientzia-fikziozko eleberrietan martetarrak, txikiak eta berdeak, azaltzen hasi ziren, eta 1898an
H.G. Wells-ek teknologikoki aurreratutako martetarrek Lurra hartzen zutela kontatu zuen Munduen Gerra -n.
Badago urik Marten?
Denborak aurrera egin ahala, espazioko esplorazioan egin diren urratsek bertan behera utzi dituzte uste horiek denak. Hala eta guztiz ere, Martek helburu izaten jarraitzen du. Orain arte,
AEBetako espazio-agentziak, NASAk , egin du Marte ezagutzeko ahalegin handiena, eta bere aurrekontuetatik diru asko eta asko bideratu du Marterekin lotutako misioetara . Nahiz eta behin baino gehiagotan porrot egin duen —eta batzuetan, gainera, hanka-sartze nabarmenen ondorioz—, Martek ez du interesa galdu NASA-rentzat. Dirua lortzeko arazoak izan dituztenean, nahikoa izan dute Marten ura egon daitekeela aipatzea, Marterekiko grinari hauspoa emateko.
Izan ere, Marten bizia dagoela ideia erakargarria da oso, eta, noizean behin, Marteko uraren, edo ustezko uraren edo ura egoteko aukeraren gaineko artikuluak plazaratzen dituzte. Horiek, Lurrean muturreko kondizioetan bizi diren bakterioen aurkikuntzekin eta antzeko kontuekin batera, ideia hori indartzen dute. "Ura badago, litekeena da bizia egotea; eta egoera horietan bizitzeko gai diren izakiak badaude Lurrean, zergatik ez Marten?" Horixe da bultzatzen duten ideia. Eta, horretan oinarrituta, Mars Rovers misioa jarriko du abian ekaina eta uztaila artean. Asmoa Marteko azalean bi ibilgailu jartzea da, bakoitzak planetaren alde bat azter dezan. Haiek bildutako datuekin, Marteko geologiari , klimari eta urari buruz zerbait gehiago jakitea espero dute.
Oraingo misioa, ordea, ez da estatubatuarrena, baizik eta europarrena. Nolanahi ere, ESAren xedeak NASArenarekin bat egiten du: Marteren sekretuak argitzeko helburua du Mars Express -ek. Bildutako datuekin, hainbat galderari erantzun nahi diete: zein indarrek sortu zituzten Marteren azaleko egiturak? Zergatik amaitu ziren indar horiek? Edo horietako batzuek badihardute oraindik? Hasieran Marte epela eta hezea al zen, Lurraren antzera? Hala izan balitz, zerk desagerrarazi zituen ura eta atmosfera? Bazegoen bizirik orduan? Irauten dute bizidun horiek? Lurpeko akuiferoetan ote daude?
Argi dago ESAk ez diola Marte eta ura lotzen dituen kontuari ihes egin nahi izan. Hain da zirraragarria! Dena dela, misioan bildutako datuek Marte hobeto ezagutzeko aukera emango dute, eta azken galderak erantzunik gabe gelditzen badira ere, beste askoren erantzuna aurkitzea espero dute.
Mars Express Marteko bidean
Mars Express Marterantz bidaltzeko, ESAk ez du besterik gabe aukeratu garai hau; maiatzaren bukaera eta ekainaren hasiera bitartean, Marte eta Lurra elkarrengandik hurbil samar egongo dira. Aukera hori galduz gero, hogeita sei hilabetez itxaron beharko lukete berriro ere distantzia horretara egoteko; beraz, egun hauetan saiatu beharko.
Mars Express espazio-ontzia Kazakhstan-go Baikonur jaurtiketa-gunetik irtengo da, Soiuz kohete errusiar baten laguntzarekin. Lurraren grabitateari ihes egin orduko, Marteren orbitara iritsi arte 10.800 km/h-ko abiadan sei hilabeteko txangoa egingo du. Planetarekin topo egindakoan, bi lan izango ditu: batetik, daraman Beagle 2 ibilgailua Marteratzeko aukeratutako tokian utzi beharko du; bestetik, Marteren orbitan behar duen tokian jarri beharko du.
Mars Express -en helburua planeta gorriaren orbitan gutxienez urte martetar batean egotea da, hau da, 687 egun lurtarrez. Denbora horretan, Martetik hurbilen dagoen puntua mugitzen joango da, tresna zientifikoek azalera guztiaren datuak bildu ahal izateko. Batez ere, Marteren atmosfera nolakoa den jakiteko balioko dute neurketa horiek, baita Marteren azalaren mapa global bat egiteko ere.
Marteren azala miatzen
Misioaren berezitasunetako bat Marteren azala miatuko duen Beagle 2 ontzia da. Ez da Marteren azalaren gainean jarriko den lehen ibilgailua, NASAren Sojourner ibilgailuak gutxienez 100 metroko ibilbidea egin baitzuen. Baina gero galdu egin zen. Ea Beagle 2 -k arrakasta gehiago duen!
Beagle 2 -ren zereginak hauexek dira: azterketa geologikoak egin, azalaren konposizio kimikoa eta minerala ikertu, eguraldia eta klima aztertu eta... nola ez, biziaren aztarnak bilatu! Ez da lan makala, alajaina! Datozen hilabeteetan, izango dugu horren guztiaren berri.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia