}

Hubble Space Telescope: ikusgarria!

1994/10/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Derrigorrezko geldialdiaren ondoren, HST (Hubble Space Telescope) abenduaren bukaeran hasi zen lanean berriz ere. Orduan bidalitako lehenengo argazkiak txaloka hartu zituzten urtarrilean American Astronomical Society-ko astronomoei aurkeztu zitzaizkienean. Horietako batzuk dira lerro hauekin batera ikus daitzakezuenak.

Aurtengo lehenengo alean iazko abenduaren 2 eta 11 bitartean, Endeavour aldauntzi espaziala erabiliz, NASAk Hubble Space Telescopea (HST) konpontzeko egin zuen ahaleginaren berri eman genuen. Derrigorrezko geldialdiaren ondoren, HST abenduaren bukaeran hasi zen lanean berriz ere. Orduan bidalitako lehenengo argazkiak txaloka hartu zituzten urtarrilean American Astronomical Society-ko astronomoei aurkeztu zitzaizkienean. Horietako batzuk dira lerro hauekin batera ikus ditzakezuenak.

Lehenengo aipatu behar dena, hala ere, lanean aritutako astronauten trebetasuna eta beren lanerako txukuntasuna izan zen. Lan-baldintzak zirela eta, konponketa-saioetan HSTaren tresnerian nahi gabe eragin zitezkeen matxurei buruzkoa zen beldurrik handiena. Esan bezala, lan denak, eguzki-plakak aldatzea, COSTAR (Corrective Optics Space Telescope Axial Replacement) ezartzea, enfokatzeko tresna eta ordenadorearen osagaiak aldatzea erabat arrakastatsuak izan dira. Are gehiago, konponketak egitean tresnek hain gutxi sufritu zutenez, Teleskopioaren arduradunek enfokatzeko eta berriz ere lanean jartzeko oso doiketa txikiak egin behar izan zituzten.

HSTaren tresnarik garrantzitsuenak WF/PC (Wide Field and Planetary Camera) eremu handiko kamera biak dira. Urtarrileko alean genionez, bigarrena (WF/PC II) detektore hobeaz hornituta zegoen beste batez ordezkatzea erabaki zen. Emaitzak ezinhobeak izan dira. Izar bat teleskopio batez ikustean eraztun ahul batzuez inguratutako disko txiki bat ikusten da.

Eraztunen argitasuna izarrarenaren % 15 baino ez da. Beraz, argi gehiena (% 85) erdiko eraztunera doa. Ispiluaren akatsa zela eta, HSTk izarraren argitasunaren % 12 baino ez zuen erdiko diskoan enfokatzen. Lehenengo saioek erakutsi dutenez, WF/PC II-k (berritutako kamerak) argiaren % 70 baino gehiago eramaten du erdiko diskora, hots, bere emaitzak teorikoetatik oso hurbil daude.

Lehen aipatu ditugun hobekuntzei eta WF/PC II-aren aldaketei esker, HSTen bereizmena izugarri aldatu da. Lurrean den teleskopioak garbi ikus dezake 1.000 eta 2.000 milioi argi-urterainoko distantziara. WF/PC I, HSTen berritu gabeko kameraren irudiek ez dute kalitaterik galtzen aurreko distantziak bikoiztu arren; WF/PC II-k, berriz, 10.000 eta 12.000 argi-urtera dauden objektuak ikus ditzake. Besteak beste, kuasareez orain arte genituen irudiak izugarri hobetuko dira.

Horregatik, bada, astrofisikariak irrikitan daude Unibertsoaren hedakuntza-abiaduraren neurria ematen duen Hubbleren konstantea neurtzeko egitarauari ekiteko. Baikorrenen ustez, agian urte honen bukaerarako izango dira lehenengo emaitzak, eta horiekin Unibertsoa irekia ala itxia dela edota zein geometriaren araberakoa delako arazoari buruz argibideren bat lortu ahal izango da.

HSTek dituen beste behaketa-tresnei dagokienez, beste horrenbeste esan daiteke. COSTARek zuzendutako irudiekin lan eginez, Faint Object Camera, Faint Object Spectrograph eta Goddard High Resolution Spectrometer delakoek lehenago ikus zitzaketenak baino sei aldiz argitasun ahulagoko objektuak ikus daitezke.

Zalantzarik gabe esan daiteke HSTen ispiluaren akatsa erabat zuzentzea lortu dela. Gainera, beste hobekuntza teknikoak medio, HSTek gaur egun eskaintzen diguna orbitan jarri zenean akatsik ez balu eskainiko zituzkeenak baino hobeak dira. Ikusgarria!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia