}

Hozkailu txinatarrak ingurugiroaren alde

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hozkailuen industria ingurugiro-arazo ugari sortzen ari da gaur egun, ozonoa kaltetzen duten klorofluorokarbonoen (CFC) erabilera dela eta. Konposatu hori erabiltzen ez duten hozkailuak badiren arren, ez dira oso eraginkorrak eta, beraz, garestiegiak suertatzen dira.

Txinatar Errepublika munduko ekoizlerik handiena da eta, beraz, arazo horiekiko ardura handia duen herria. Hori dela eta, iragan abenduan Txinako gobernuak CFCak erabiltzen ez dituzten hozkailuen ekoizketa bultzatzeko eta horien etekina hobetzeko proiektua sinatu zuen Lawrence Berkeley laborategiarekin. Proiektu horren bidez guztira 100 milioi tona karbono(IV) oxido isurtzea eragotzi nahi da hurrengo 15 urteetan. Guztira CFCrik erabiltzen ez duten 20 milioi hozkailu salduko dira, proiektuko buruen ustez.

Txinako hozkailuen merkatuak izugarrizko gorakada jasan du azken urteetan. Duela 15 urte hirietan % 7ak bakarrik erabiltzen zuen hozkailua eta 1998. urtean dagoeneko % 21ek erabiltzen zuen. Proiektuaren helburu nagusia merkatuan CFCrik gabeko hozkailuak bultzatzea da. Horretarako beren eraginkortasuna hobetuko da batetik, eta marketing-teknikak erabiliko dira bestetik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia