Hostoetako zainetan ere egon liteke landare loredunen arrakasta

Hostoetako zainetan ere egon liteke landare loredunen arrakasta


Eboluzioan aurrera egin ahala, gero eta zain gehiago garatu dituzte hostoetan landare loredunek. Horretaz jabetu ziren Tasmania Unibertsitateko eta Tennessee Unibertsitateko bi landare-biologo hostoetako ur-garraioa aztertzen ari zirela, eta proposatu dute horri lotuta egon litekeela landare horiek landareen erreinuan izan duten arrakasta. Izan ere, ezagutzen diren landareen % 96 landare loredunak dira, eta ehunka mila espezie daude.

Bi ikertzaileek azaldu dutenez, zain asko dituzten landareek fotosintesia egiteko gaitasun handiagoa dute. Zenbat eta fotosintesi gehiago egin, orduan eta karbono dioxido gehiago bihurtzen dute azukre, eta, hortaz, orduan eta gehiago hazten dira. Hazteko gaitasun handiago horrek eman zien landare loredunei, hau da, angiospermoei, gainerako landareekin (hala nola koniferoekin) lehiatzeko gaitasun handiagoa.

Fotosintesia egiteko beharrezkoa duten karbono dioxidoa hostoetako estometatik sartzen da landareetan. Estomak karbono dioxidoa sartzeko irekitzen direnean, baina, landareek ura galtzen dute. Eta, hain zuzen, hor sartzen da zainen funtzioa: zain asko baldin badaude, errazago garraiatzen da ura hostoetan, eta, hortaz, errazago ordezkatzen da galdutako ura. Hala, estoma gehiago izan ditzakete irekita landareek, eta horrek aukera ematen die fotosintesi-maila handitzeko.

Irudiak: Handia, Umberto Salvagnin; txikia, Vimal Raveendran.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Eboluzioa