Hortz trebeak
2001/06/01 Elhuyar Zientzia
Marrazo batek hozka eginda hiltzeko probabilitatea tximista batek jota hiltzekoa baino txikiagoa da. Izan ere, beste pertsona baten hozkada jasotzeko baino 100 aldiz aukera gutxiago dago, diote adituek umorez. Hala ere, marrazoaren irudiak berak beldurra sorrarazten du, bai igeri eta bai hozka egiten oso trebeak baitira.
Floridako Unibertsitatean marrazoek hozka nola egiten duten ikertu dute. Ez da erraza marrazoak laborategira eramatea eta, beraz, biologoek azterketa egiteko metodologia bitxi bat asmatu dute. Marrazoak jaten ari direla filmatu dituzte abiadura handiko kamera batez, 500 fotograma segundoko abiaduran, alegia. Horretaz gain, ileen tamainako sentsoreak jarri dituzte marrazoen muskuluetan. Bi teknika horien konbinazioaz marrazoen hozka ulertzen saiatu dira.
Gizakiok bezalaxe, beheko masailezurra mugitzen zutela izan zen hasierako hipotesia. Dena dela, zientzialariek aurkakoa aurkitu dute. Marrazoek hozka egiteko goiko masailezurra bere lekutik atera egiten dute, aurrera bota eta hozka egindakoan bere tokian jartzen dute berriz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia