Holograma, irudi orokorra
1996/11/01 Portugal, Xabier Iturria: Elhuyar aldizkaria
John Lasseter-ek zuzendutako “Toy story” ordenadorez eginiko filmeak lortu duen arrakastak edota “Forrest Gump” bezalako zenbait filmeren iruditan teknologia berriek jokatutako paperak baliabide horien erakarpenari buruzko gogoeta piztu didate.
Hemendik aurrera zazpigarren arteak erabilpen horien bidea bakarrik jorratuko al du, ala ordenadorez eginiko lana noizbehinka azalduko zaigun bitxikeria besterik ez da izango?
Beste zenbait teknologiarekin gertatu den bezala, ez dut uste ordenadoreak, erabilpen ikusgarriak izan arren, zinea menperatuko duenik; nahiz eta zineak teknika hauek guztiak bere zerbitzurako hartu. Azken finean, ordenadoreek ez dute bihotzik ezta, noski, adimenik ere.
Duela hamar bat urte askok eta askok uste zuen holografiak eragin handia izango zuela gure ametsen lantegi ilun horretan. Historiak, berriz, garbi erakutsi digu ilusio horiek guztiek gure herrietako jaietako ferietan salgai amaitu dutela.
Salvador Dali, 1972ko apirilean, New Yorken horrelaxe mintzatu zen holografiari buruz:
“ Velazquezen garaietatik artista guztiek irudi tridimentsionalekiko interesa erakutsi izan dute. Garai modernoetan, Picassoren kubismo analitikoa Velazquezen hiru dimentsioak eskuratzen saiatu zen. Orain, Gabor-en jenialtasuna dela medio, holografiaren bidez hain zuzen, artearen Errenazimendu berri baten ahalmena lortu da .”
Egia da azken 30 urteotan zehar holografiak garapen izugarria ezagutu duela arlo askotan, hala nola, ikerketan, medikuntzan, zientzian, industrian nahiz artean. Erabilpen horiek ezagunak ditugu eta, askotan, telefono- eta kreditu-txartelenak kasu, eguneroko bizimoduan finkatuta ditugu, ia-ia jaramonik egiten ez badiegu ere. Arteari dagokionez, ez dirudi bere eragina espero bezain handia izan denik.
Zer da holografia?
1940ko hamarkadan sortu zen holografia, Nobel Saria jaso zuen Dennis Gabor zientzilaria atomoak ikusteko mikroskopio elektroniko bat egiten ari zelarik, hain zuzen. Ez zuen helburu hori lortu, baina lehen holograma egin zuen. Horren ondoren, 1963an E. Leith-ek eta J. Upatnieks-ek, laserra erabiliz aurrerapauso izugarria eman zuten sistema hobetze aldera.
Argazkiak egiteko teknika asmatu zenean ere berebiziko iraultza gertatu zen teknikaren eta artearen historian; alabaina, kasu horretan errealitatearen taxuketa plano bidimentsionalean gauzatzen zen.
Holografiaren abantailak, berriz, bi mailatan koka ditzakegu: taxuketari dagokionez, lortutako irudia plano tridimentsionalean eratzen da, errealitatearen lilura areagotuz. Teknikari dagokionez, berriz, holografiaren arloan ez da irudiaren fokalizazio-objekturik erabiltzen.
Baina hori dena hobeto uler dezagun, lasai asko esan dezakegu holografia “lenterik erabili gabe argazkiak ateratzeko teknika dela”. Teknika berri horrek laser (Light Amplification by Stimulated Emission of Radiation) izpia erabiltzen du. Beraz, holograma laser izpiaren bidez lortutako irudi tridimentsionala dela esan dezakegu.
Argazki-kameraren betebeharra zer da: fotografiatu behar dugun objektuak transmititzen duen argia lente baten bidez irudia eratuko duen emultsioaren gainean fokatzea.
Holograma bat nola egiten den ulertzeko, berriz, uhinei buruz eskolan ikasitakoa ekarri beharko dugu gogora. Anplitude eta fase berdineko bi uhinek topo egiten dutenean, anplitude bikoitzeko uhin berri bat sortzen da, beti ere bi uhinek luzera berdina badute.
Anplitude berdineko eta fase desberdineko bi uhinek topo egiten dutenean, berriz, elkar ezabatu egiten dute eta ez da uhinik gelditzen. Interferentzia esaten zaio fenomeno horri. Esandako guztia uretan frogatzea oso erraza da.
Dakigun bezala, argia ere uhinen bidez hedatzen da. Argian ere, noski, interferentzi fenomenoa ematen da. Bi argi-sortek topo egiterakoan, banda argia eta banda iluna ikusi beharko ditugu. Argia oso monokromatikoa denean, berriz, kolore bakarrekoa sortzeko uhin-luzera bakarreko uhinez osatuta egon behar du.
Laserra oso argi monokromatikoa sortzeko gai da eta horren bidez, uhin-luzera zehatzeko argi-sortak lortzen dira.
Laserra argi monokromatikoaren iturri moduan erabiliz, interferentziarik sortzerik izango ote dugu?
Har dezagun zilarreztatutako ispilu bat; iristen zaion argiaren erdia isladatzen du eta beste erdia pasatzen uzten du.
Bi argi-izpiek topo egiten duten puntuan argazki-filmea ipintzen badugu, filmeak belatua dirudi. Zer gertatzen da ispilua kendu eta laser izpi bat uzten badugu? Filmeak jatorrizko bi izpiak birsortzen dituela ikusiko dugu.
Objektu bat laserrez argitzen badugu, bere gainazalaren puntu guztiek laser-argia isladatuko dute.
Honela sortzen da holograma. Argi-sortaren zati bat objektua argiztatzeko erabiltzen da; horri objektu-sorta esaten zaio. Bigarren sortak, erreferentzi sorta deitutakoak, emultsioari erasotzen dio eta objektuaren gainazalean isladatutako argiarekin interferitzen da.
Filmea errebelatu ondoren, har dezagun erreferentzi sorta eta argizta dezagun filmea. Irudi osoa berregiten da. Zer gertatzen da emultsioaren barnean?
Ezkerreko erreferentzi sortak aukeratutako objektuan isladatzen diren eredu guztiak nahasten ditu. Ondoren, erreferentziazko argi-sortak filmea argitzen duenean, eredu bakoitzak bere objektu-sorta berrosatzen du. Objektu osoaren irudia lortzen da horrela. Baina ez dugu ahaztu behar, gainera, holograma baten zati bakoitza irudi osoa berreraikitzeko gauza dela.
Hologramak lortzeko beste bidea filmea objektuaren eta argi-iturriaren artean kokatzean datza. Argia filmean zehar pasatzen da eta aukeratutako objektuan isladatzen da. Isladatutako argiak filmean interferitu egiten du eta proiektatzen den argi zuria ispiluek osatutako planoetan isladatzen da.
Holograma bat laserrez argiztatzen denean eta bere atzean jarritako pantailan isladatzen denean, irudi bidimentsionalak lortzen dira. Irudi tridimentsionala lortu nahi denean, berriz, holograma zirkularrak erabiltzen dira.
Bi edota hiru dimentsiotako irudia izan arren, holograma errealitate baten islada besterik ez da. Gaur egun, ordenadore, digitalizazio, interaktibitate eta errealitate birtualaren garaian bete-betean sartu garenean, zinea eta artearen arloari dagokionez behintzat, holografia bide ertzean gelditu zaigu. Haurra ere liluratzen ez duen paisen mahai gainean zokoratutako objektu txiki bat dirudi, baina ikusi dugunez, bere barruan misterio eta zientzilarien izerdia ere gordetzen du hologramak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia