Hizkuntzaren jatorria garunean
2000/07/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Garunaren txoko eta zirrikituak ilunak dira. Informazio asko gordetzeko gai bada ere, ez dugu oraindik mekanismoa ulertu ezta aurkitu ere. Dena den, gorputzaren eginkizunik deigarrienen kontrola duenez, esperimentu askoren helburu izan da. Ikertzaileek jarrera berezia izan dute garunarekiko. Izan ere, heriotzaren definizioan ezinbestekoa da garuna aipatzea. Baina nola egiten du lan? Esan daiteke ikusmena edo memoria gordetzeko moduari buruz askoz gehiago dakigula hizkuntza erabiltzeko prozesuei buruz baino. Science aldizkari espezializatuak hizkuntzaren jatorriaren hiru teoria nagusien bilduma argitaratu du.
Hizkuntza liluratzen gaituen gaitasuna da. Hizkuntza ezberdinak hitz egiteko ahalmena dugu, helduak garenean ikasten ditugunak barne. Oso datu harrigarria da. Hizkuntzaren bitartez, gizakiak haurtzaroan beste edozein espezie baino informazio konplexuagoa ulertu eta adierazteko ahalmena du. Baina nola metatzen da informazioa garunean eta nola aldatu? Egia esan, aitortu behar da biologikoki ikusita oso zaila zaigula hizkuntza zer den ere jakitea.
Hizkuntzalarien ikuspuntutik
Historian hizkuntza eta garunaren arteko lotura ikertzeko hiru joera nagusi egon dira. Horietako bat hizkuntzalarien ikuspuntutik aztertua izan da. Eredu hori Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarrak eta bere lankideek duela 50 urte plazaratu zuten, teorian behintzat, soinuak eta esanahiak nolabait lotzen ziren. Asko dakigu gramatikari buruz. Eskolan marrazten genituen zuhaitz moduko diagrama horiek oso adierazgarriak dira, hizkuntzaren izaera hierarkikoa erakusten baitute.
Dakigun datu garrantzitsua da hizkuntza garunean kudeatzen dela. Datu hori orain hagitz onartuta dago, baina ez da batere begibistakoa. Hortik aurrera gauzak konplexuak dira. Garunari buruz egindako esperimentu gehienak animalietan egin dira, baina animaliek ez dute hizkuntza erabiltzeko ahalmenik. Beraz, esperimentu horiek ez dute gauza handirik argitu hizkuntzari dagokionez. Hala ere, neuronen antolamenduari buruzko datu asko jaso dira. Gainera, garuna ireki gabe barrua irudi bihurtzeko metodoak garatu dira, erresonantzia magnetikoa edo elektroenzefalograma, adibidez. Metodo horiek garuna «lanean» ikusteko aukera eskaintzen dute. Hizkuntza erabiltzean martxan ari den garunaren zatia zein den jakin dezakegu, behintzat.
Punturik ilunena, ordea, hizkuntzaren jatorria da. Bi joera garbi sortu dira. Natibisten arabera, hizkuntza jaiotzatik dugun ahalmenaren ondorio da. Generalistek, ordea, hizkuntza heziketaren ondorio zuzena dela uste dute. Esan beharra dago eboluzionismoa ez dutela ez lehenengoek ez azkenek kontuan hartzen. Natibisten ikuspuntutik, naturak giza garuna ezaugarri horrekin ex machina hornitu du, hau da, berez garuna horrela diseinatuta dagoelako. Generalistek ez dute Darwinen teoria onartzen, ez dutelako uste hizkuntza kudeatzeko egiturarik garatu duenik.
William H. Calvin neurofisiologoa eta Derek Bikerton linguistaren Lingua ex Machina liburuak ekarpen berriak ditu eztabaida horretan. Idazleen ideiaren oinarria sintaxian datza. Ustez, sintaxia gizakiak eta animaliak ezberdin bihurtzen dituen ezaugarria da. Sintaxia landu baino lehen, diote, gure arbasoek «protohizkuntza» besterik ez zuten. Protohizkuntza hori egituratu gabeko hitz gutxitako zerrenda zen, oinarrizko komunikazioaren beharra betetzen zuena. Liburuaren egileek joera natibistarekin bat datoz sintaxiari dagokion neurrian.
Nola iritsi ginen protohizkuntzatik hona? Garapenak abiapuntu biologikoa behar du. Sintaxiaren kasuan Calvin eta Bikerton-en iritziz, sintaxia garuneko sistema konplexuetatik garatu zen abantaila ebolutibo asko zituelako. Izan ere, antropologoek harreman sozialak abantailtzat jotzen dituzte. Baina horiek ez ezik, beste hainbat trebetasun fisiko garatzea ere abantaila izan daiteke.
Garunaren inguruko ikerketa aurrera doan neurrian, beste ikuspuntuetatik bada ere, gauza gehiago aterako dira argira pixkanaka. Ikerketa mota hori, gainera, beste esparru batzuetan oso interesgarri suerta daiteke, esate baterako, adimen artifizialean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia