Hizkuntza-erabilera eta kontrol mentala: elebitasunetik harago

Adinak aurrera egin ahala, arreta eta kontrol mentala ez dira berdin zahartzen pertsona guztiengan. Zerk baldintzatzen du desberdintasun hori? Baliteke egunerokoan bi hizkuntza erabiltzeak arrastoren bat uztea distrakzioei aurre egiteko eta une bakoitzean informazio garrantzitsua hautatzeko gaitasunen bilakaeran?

Irudia: rozbeh/Shutterstock.com


Hizkuntza gorpuztuta daukagu. Pentsatzen dugunean, merkatuko edo treneko megafonia entzuten dugunean, irakurtzen dugunean edo kalean kartel bati ia oharkabean begiratzen diogunean, hizkuntza erabiltzen ari gara. Ez da kanpoko tresna bat; gure jardun mentalean txertatuta dago.

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egindako ikerketa batean galdera zehatz bati heldu diogu: zer harreman dago bi hizkuntzaren eguneroko erabileraren eta kontrol mentaleko prozesuen artean; hau da, ba ote du eraginik erabilera horrek distrakzioei aurre egiteko eta une bakoitzean informazio garrantzitsua hautatzeko gaitasunekin? Nola aldatzen da harreman hori adinean aurrera egin ahala? Ikerketa eta haren emaitzak Bilingualism: Language and Cognition aldizkarian argitaratu berri dira (Arantzeta, San Martin eta Laka, 2026).

Psikolinguistikako ikerketek erakutsi dute hiztun elebidunen buruan hizkuntzak ez direla txandaka aktibatzen, bata itzalita eta bestea piztuta baleude bezala. Bi hizkuntzetako hitzak eta egiturak aldi berean egoten dira eskuragarri. Euskaraz ari garenean, gaztelania ere aktibo dago neurri batean, eta alderantziz.

Horrek esan nahi du ezen, une bakoitzean, hizkuntza bakarra erabiltzeko, gainerakoak isilarazi egin behar direla. Gaitasun horri interferentzia-kontrola deitzen diogu. Ez da hizkuntzara mugatzen: eguneroko bizitzan etengabe erabiltzen dugun ahalmen kognitiboa da. Jendez betetako gela batean solaskide baten ahotsari arreta jartzean edo gidatzean distrakzioei aurre egitean, mekanismo bera ari da lanean. Bi hizkuntzarekin jarduteak kontrol-gaitasun hori sarritan martxan jartzea eskatzen du (ikusi Bialystok et al., 2009; Bialystok, 2024).

Horrenbestez, honako galdera hau planteatu genuen: hizkuntza-jardunaren konfigurazioak —zenbat eta zein egoeratan erabiltzen den hizkuntza bakoitza— ba al du loturarik interferentzia-kontrolaren errendimenduarekin?

Nola neurtu genuen hizkuntza-erabilera?

Horri erantzuteko, 30 eta 80 urte bitarteko 250 bat lagunek parte hartu zuten azterlanean: euskaldun eta gaztelaniadun elebidunek eta gaztelaniadun elebakarrek. Datuak Gasteizen eta Debagoienean bildu genituen, hizkuntza-erabileraren eredu askotarikoak aurkitu daitezkeen bi eremutan.

Elebidunen kasuan, euskaraz eta gaztelaniaz modu eraginkorrean jarduteko gaitasuna egiaztatu genuen. Helburua ez zen “elebidun ala ez” etiketa soilik konparatzea, baizik eta pertsona elebidunetan hizkuntza bakoitza zenbateraino eta zein egoeratan erabiltzen den aztertzea.

Horretarako, Hizkuntza eta Gizarte Inguruneari buruzko Galdetegia (Language and Social Background Questionnaire; Anderson et al., 2018) erabili genuen, euskararen eta gaztelaniaren testuingurura egokituta. Galdetegi hori zabal erabiltzen da elebitasunaren ikerketan, eta hizkuntza-erabilera modu sistematiko eta kuantitatiboan jasotzeko balio du. Ez da galdera orokor bakar batera mugatzen —“zenbat erabiltzen duzu euskara?”—. Horren ordez, eguneroko hizkuntza-erabilera zehaztasunez jasotzen du. Besteak beste, etxeko harremanak (gurasoekin, bikotekidearekin, seme-alabekin), lagunartea eta auzo-harremanak, laneko edo ikasketetako egoerak, zerbitzu publikoetako interakzioak (osasungintza, administrazioa) eta eguneroko jarduerak (irakurtzea, mezularitza, sare sozialak, ikus-entzunezkoak) bereizten ditu.

Horri esker, zehaztasunez jasotzen da hizkuntza bakoitza zein egoeratan eta zein harreman-saretan erabiltzen den. Gainera, erabilera ez da “bai/ez” modu kategorikoan neurtzen: mailaz maila adierazten da hizkuntza bakoitza zenbateraino erabiltzen den, eta erantzunak balio numeriko bihurtzen dira. Horri esker, hizkuntza-jarduna graduazio batean mailakatuta azter daiteke.

Nola neurtu genuen interferentzia-kontrola?

Interferentzia-kontrola neurtzeko, Stroop ataza erabili genuen, zientzia kognitiboetan klasikotzat jotzen den proba (Golden, 2010; ikusi 1. irudia). Parte-hartzaileek zerrenda batean aurkezten zitzaizkien elementuak ahalik eta azkarren eta zehatzen irakurri edo izendatu behar zituzten.

Stroop ataza

1.irudia. Stroop atazaren hiru baldintzen egitura orokorra eta interferentziaren logika. Parte-hartzaileek, 45 segundoan, zutabe bakoitzeko ahalik eta elementu gehien prozesatzen dituzte, eta baldintza bakoitzean lortutako errendimendua zenbatzen da. Irudia: Ione Ibarretxe


Lehenengo zatian, kolore-izenak beltzez inprimatuta agertzen ziren, eta hitzak irakurri besterik ez zuten egin behar. Bigarrenean, kolorezko ikur sinpleak agertzen ziren, eta haien kolorea izendatu behar zuten. Bi zati horiek oinarrizko irakurketa-abiadura eta koloreak izendatzeko gaitasuna neurtzeko balio dute.

Azken zatian dago interferentziaren neurketa zuzena. Kolore-izenak tinta-kolore desberdinetan inprimatuta agertzen dira, eta parte-hartzaileek, hitza irakurri beharrean, tintaren kolorea esan behar dute. Irakurtzea automatikoa denez, irakurtzeko joera aktibatzen da hitza ikusi bezain pronto. Joera hori geldiaraztea da kontrol-prozesuaren muina. Erreakzio-denborak eta erantzun zuzen kopurua erabilita kalkulatu genuen interferentzia-kontrola.

Emaitzak

Gure emaitzek bi ondorio nagusi uzten dituzte. Lehenik, adinak gora egin ahala, interferentzia-kontrolaren errendimendua apaldu egiten da, eta hezkuntza-maila handiagoa errendimendu hobearekin lotzen da. Bi joera horiek bat datoz aurreko ikerketek deskribatutako ereduekin: zahartzearekin kontrol-prozesuek ahultzeko joera dute, eta hezkuntzak babes-faktore moduko bat eskaintzen du (ikusi 2. irudia).

2. irudia

2. irudia. Interferentzia-kontrolaren bilakaera adinaren arabera, taldeka. Beheranzko joera ageri da adinarekin, eta ez da alde esanguratsurik ikusten elebidunen eta elebakarren artean talde mailan. Irudia: Miren Arantzeta Perez


Bigarren ondorioa da gure ekarpen nagusia. Talde mailan ez genuen alde esanguratsurik aurkitu elebidunen eta elebakarren artean. Hau da, elebidun izate hutsak ez du berez interferentzia-kontrol hobea bermatzen.

Hala ere, elebidunen artean desberdintasun argiak agertu ziren. Euskararen erabilera txikiagoa zuten elebidunen errendimendua elebakarren parekoa zen. Aldiz, euskararen erabilera handiagoa zuten elebidunen artean lotura sendoa agertu zen interferentzia-kontrolarekin (ikusi 3. irudia).

Gainera, lotura hori ez da atalase jakin batean agertzen. Ez dago muga zehatzik efektuaren hasiera erakusten duenik. Datuetan joera progresiboa ageri da: euskararen erabilera soziala handitu ahala, interferentzia-kontrolaren errendimendua pixkanaka handitzen da.

3. irudia

3. irudia. Interferentzia-kontrolaren eta euskararen erabileraren arteko lotura argiagoa da kale-erabileran etxeko erabileran baino: euskararen erabilera soziala handitu ahala, interferentzia-kontrolaren errendimendua hobea da. Irudia: Miren Arantzeta Perez


Ondorioak

Emaitza hauek elebitasunaren eta kontrol kognitiboaren inguruko eztabaidan kokatzen dira. Zenbait lanek elebitasuna narriadura kognitiboaren agerpen berantiarragoarekin lotu dute (adibidez, Craik, Bialystok, & Freedman, 2010; Woumans et al., 2015), baina emaitzak ez dira beti koherenteak izan populazio guztietan.

Gure lanak findu egiten du eztabaida hori. Ezagutzen diren hizkuntzen kopurua baino gehiago, hizkuntzekin egiten den jardunaren konfigurazioa da erabakigarria. Bereziki, hiztun elebidunen kasuan, euskararen gizarte- edo kale-erabilera interferentzia-kontrol handiagoarekin lotzen da bizi-ziklo osoan zehar.

Emaitza horiek bat datoz hizkuntza-aldaketaren inguruko ikerketa esperimentalekin. Mosca eta Clahsen-ek (2016) erakutsi dute ezen hizkuntza aldatu behar den ala ez jakiteko ziurgabetasunak berak kostu kognitiboa handitzen duela. Hau da, ez da soilik hizkuntza batetik bestera igarotzea eskatzen duen egoerak dakarren kostua; aldaketa behar ote den erabakitze-prozesuak berak ere kontrol-mekanismoak aktibatzen ditu.

Gure ikerketa honek erakusten du euskararen erabilera sozial handiagoa lotzen dela interferentzia-kontrol hobearekin. Euskal Herriko testuinguruan, kaleko erabilera handiago horrek maiz adierazten du hiztunak solaskidearen eta egoeraren arabera etengabe ebaluatu behar duela zein hizkuntza erabili. Ziurgabetasun-egoera horiek sarri bizitzeak kontrol-prozesuak maizago mobilizatzea dakar, eta litekeena da horrek azaltzea aurkitu dugun lotura.

Kontrol-mekanismo horiek funtsezkoak dira eguneroko autonomiarako. Zahartzearekin batera, interferentzia-kontrola ahuldu egiten da, eta ahultze horrek eragin zuzena du eguneroko funtzionamenduan, erabakiak hartzeko gaitasunean eta distrakzioei aurre egiteko ahalmenean.

Emaitza hauek ez dira azken hitza, jakina. Ez dute frogatzen elebitasun aktiboak dementzia saihesten duenik. Baina erakusten dute eguneroko hizkuntza-esperientziaren konfigurazioak lotura zuzena duela arreta- eta kontrol-gaitasunekin —eta gaitasun horiek oinarri dira autonomia eta bizi-kalitatea sostengatzen dituzten prozesuetan adinean aurrera egin ahala—.

Hizkuntza bat jakitea ez da biltegiratuta dauden hiztegia eta gramatika ezagutzea soilik; egiten dugun jarduna da. Jardun horren egiturak —hizkuntzak nola eta zein egoeratan erabiltzen diren— gure kontrol mentalaren funtzionamenduan eragiten du.

Eskerrak:

Eskerrik beroenak ikerketan parte hartu duten pertsona guztiei, beren denbora, prestasuna eta konfiantza eskaintzeagatik. Halaber, eskerrak Arrasateko Udalari eta Arrasateko Udal Euskaltegiari parte-hartzaileak erakartzen laguntzeagatik eta azterketa egiteko espazioa eskaintzeagatik.

Finantzaketa:

Lan hau AGINGLEXICON proiektuaren (Fundación BBVAren Leonardo beka), PID2022-142625OA-I00 proiektuaren (MICIU/AEI), Ramón y Cajal RYC2021-033222-I laguntzaren eta Eusko Jaurlaritzaren IT1439-22/IT1439-26 ikerketa-taldearen babesarekin egin da.

Erreferentziak:

Anderson, J. A. E., Mak, L., Keyvani Chahi, A. eta Bialystok, E. 2018. “The language and social background questionnaire: Assessing degree of bilingualism in a diverse population”. Behavior Research Methods 50, 250–263.

Arantzeta, M., San Martin, I. eta Laka, I. 2026. “Types of language use and interference control in aging bilinguals: Insights from the Word–Color Stroop Task”. Bilingualism: Language and Cognition, 1–13.

Bialystok, E. 2024. “Bilingualism modifies cognition through adaptation, not transfer”. Trends in Cognitive Sciences 28, 987–997.

Bialystok, E., Craik, F. I. M., Green, D. W. eta Gollan, T. H. 2009. “Bilingual minds”. Psychological Science in the Public Interest 10, 89–129.

Craik, F. I. M., Bialystok, E. eta Freedman, M. 2010. “Delaying the onset of Alzheimer disease: Bilingualism as a form of cognitive reserve”. Neurology 75, 1726–1729.

Golden, C. J. 2010. Color-Word Test – Stroop (9. arg.; B. Ruiz-Fernández, T. Luque eta F. Sánchez-Sánchez, egokitzapen espainiarra). TEA Ediciones, Madrid.

Mosca, M. eta Clahsen, H. 2016. “Examining language switching in bilinguals: The role of preparation time”. Bilingualism: Language and Cognition 19, 415–424.

Woumans, E., Santens, P., Sieben, A., Versijpt, J., Stevens, M. eta Duyck, W. 2015. “Bilingualism delays clinical manifestation of Alzheimer’s disease”. Bilingualism: Language and Cognition 18, 568–574.

Miren Arantzeta Pérez

Ramón y Cajal ikertzailea, Gogo Elebiduna ikerketa-taldea. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali