Historiaurreko irlandarren atzetik
2000/03/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Irlandako eta Ingalaterrako bi ikertzaile talde batu dira genetikaren arloan ohiko ez den zerbait aztertzeko. Historiaurreko gizakia Irlandara noiz iritsi zen jakiteko helburua dute. Horretarako Y kromosomak eta pertsonen abizenak erabili dituzte. Aitak semeari utzitako Y-kromosomak laborategian analizatzen dira. Abizenen jatorria ziurtatzea, ordea, zailagoa da, baina orain arte behintzat gizonezkoen herentzia izan da.
Munduan bederatzi haplotalde ezberdin (aldaketa genetikoen multzoak) ezagutzen dira kokapen zehatzekin lotuta daudenak. Horietako bat, haplotalde 1 (hg1), Irlandan maiz aurkitzen da. Uharteko populazioaren % 78,1ak ditu ezaugarri genetiko horiek neurri batean edo bestean.
Irlanda barruko banaketa
Laginen jatorriak sailkatzeko Irlanda zazpi lurraldeetan banatu da, hain zuzen, abizenen zazpi kohorteei dagokien lurralde ezaguneetan. Horietako lau historiaurrekoak dira, jatorri gaelikoa dutenak (Ulster, Munster, Leinster eta Connaught). Beste hiruek migrazio historikoen eragina dute (eskoziarra, normandiarra eta ingelesa).
Mendebaldeko laginek (Gaelikoek) hg1 taldearen maiztasuna handiagoa da ekialdekoetan baino. Connaught lurraldekoek, hau da, horien arteko mendebaldeko mugakoek, % 98ko maiztasuna zuten. Bikoiztutako abizenen kasuak kontuan hartzen ez direnean ere emaitza berak lortzen dira.
Maiztasun aldaketa hori Europako laginetan ere aztertu da. Antzeko emaitza lortzen da, hau da, ekialdetik mendebalderako gehikuntza ikusten da hg1 taldean, Turkiatik hasita (% 1,8), Euskal Herriaraino (% 89, hegoaldean). Ekialde Hurbiletik sortutako nekazari neolitikoen migrazioek Europako gradiente hori azaltzen dute.
Irlandako herri gaelikoetako laginen hg1 taldeek antzekotasun asko dituzte eta horregatik onar daiteke guztiak arbaso bera izan zutela. Aldiz, hg1 taldearekin zerikusirik ez duen zatiak ez dauka horrelako koherentziarik. Zati horiek ez dira hain ugariak ekialdeko herri irlandarretako laginetan. Ziurrenik berandugoko gene fluxuetan bilatu behar da horren arrazoia.
Aurkikuntza hauek guztietatik atera daitekeen ondorioa da Irlandako jatorrizko haplotaldea hg1 dela. Hori jakinda eta, noski, datu askoz gehiago bilduta, genotipoa «noizkoa» den kalkula daiteke, aldaketarik gabe noiz egon zen, alegia. Ikertzaileen kalkuluen arabera, orain dela 4.200 urtekoa da hg1. Datu hori Irlandako 9.000 urteko historioaren ideiarekin ados dago. Erroreak badaude, noski, eta gainera metodologiak berak dakarren zehaztasun mailak sortutakoak. Dena den, historiaurreko migrazio handiak nekazaritzak erraztu zituen. Beraz, nekazaritzaren garapena Europan noiz gertatu zen igar daiteke edo, behintzat hurbilketak lortu horrelako ikerketa moten bitartez. Herri eta kulturen jatorriari begira, lehio txikia ere zabaltzen digute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia