}

Hiriak euritan

2008/04/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Batzuen iritziz, ez du lehen bezala egiten euria. Badago uste duenik orain lehen baino gutxiagotan egiten duela zirimiria, edo lehen udaberriak euritsuagoak zirela... Zientzialariek ez dute oraingoz ezer esan horri buruz, baina gauza bat behintzat frogatu dute: euriak bereziki maite ditu hiriak eta asteburuak.
Hiriek euria sorrarazten dutela frogatu dute zientzialariek.

Estatu Batuetako meteorologo batzuk lehendik konturatu ziren bazegoela nolabaiteko erlazioa euriaren eta hirien artean. Zaparradak non eta noiz izaten ziren aztertuta, bazirudien hiriek euria erakartzeko gaitasuna zutela. Baina ez zekiten nola eta zergatik gertatzen zen hori.

Meteorologoak kontua ikertzen hasi ziren. Izan ere, erlazioa dagoela frogatuz gero, guztiz komenigarria litzateke hiriak aintzat hartzea eguraldi-iragarpenak egiteko programa informatikoetan eta klima-ereduetan, adibidez. Uholdeen prebentzioan, esaterako, garrantzi handia izan lezake, eta, gainera, hiriak handitzen eta ugaritzen ari direnez, denborarekin are nabarmenagoa izango litzateke haiek euriteetan duten eragina.

Hala, Lurra behatzen duten sateliteen datuak bildu zituzten, eta hirien inguruetan fenomeno bereziak gertatzen zirela egiaztatu zuten. Fenomeno hori nabarmena zen, adibidez, Estatu Batuetako Mexikoko Golkoko kostan, Atlanta hirian.

Atlantan abuztuan egin zituzten neurketetan, hiriaren barnealdeko eta inguruko tenperaturaren arteko diferentzia 7 ºC-koa zen batez beste; hiri barruan, egunez, airearen tenperatura 27 ºC-koa zen eta lurrarena 49 ºC-koa, eta gauez, airearena 13 ºC-ra arte jaisten zen, eta lurrarena gutxiago, 24 ºC-ra. Datu horiek eta satelitetik hartutako irudiak ikusita, meteorologoek ondorioztatu zuten hiriak berak eragiten zituela zaparradak, tenperatura-kontrasteak ekaitz-hodeiak sorrarazten zituelako hiriaren gainean.

Atlantan behatutako fenomeno berbera gertatzen da Estatu Batuetako eta munduko beste hiri handi askotan. Tenperaturaz gain, baina, badago euria eta hiriak erlazionatzen dituen beste faktore bat: poluzioa. Are gehiago: poluzioaren eraginez, asteburuak beste egunak baino euritsuagoak dira.

Asteburuan, euria

Euriaren zaporea dastatzeko aukera gehiago daude asteburuetan, gainerako egunetan baino.

Asteburuetan euri gehiago egiten duela ere Estatu Batuetan frogatu zuten, ekialdeko kostan. Eta, horretarako ere, satelite bidez jasotako datuak aztertu zituzten. Hala, ikusi zuten astearen egunak ez zuela inolako eraginik ozeano gainean izaten ziren euri-jasetan. Alegia, itsas zabalean berdin-berdin botatzen zuen euria asteartea izan nahiz larunbata izan.

Aitzitik, kostako hiriak (eta, beraz, hiritarrak) maizago blaitzen ziren asteburuetan. Datuek jendearen ustea berretsi zuten: larunbatetan astelehenetan baino % 22 euri gehiago egiten zuen. Behingoagatik, usteak ez ziren ustelak, beraz.

Kausa-efektu erlazioa bilatzen hasi zirenean, poluzioan topatu zuten erantzuna: hirietako airean dauden partikula poluitzaileek hezetasuna biltzen dute, eta hodeiak sortzen laguntzen dute. Eta, asteak aurrera egin ahala, gero eta partikula gehiago metatzen da airean. Partikula-kontzentrazio handiena larunbatetan izaten da, eta orduan sortzen dira hodei handienak, eta hirien gainean lehertzen dira.

Edonola ere, ez da erraza jakitea zenbateko eragina duten aipatutako faktoreek Euskal Herrian. Izan ere, Euskal Herriko hiriak ezin dira alderatu Estatu Batuetakoekin, askoz ere txikiagoak baitira. Baina hirien neurriak eta dentsitateak handitzen jarraitzen badute, beharbada Euskal Herri osoa, edo gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoa, hiri bakar bat balitz bezala hartzea egongo da, eta, agian, orduan ikusiko dugu euri gehiago egiten duela... eta batez ere asteburuetan botatzen duela!


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia