}

Hiriak, buru-osasunerako kaltegarri

2011/08/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urteak dira epidemiologoak ohartu zirela hirietako biztanleek buruko gaixotasunak izateko arrisku handiagoa zutela herrietakoek baino. Baieztapen hori egiteko datu estatistikoetan oinarritzen zirenez, beste arlo batzuetako zientzialariek ez zieten sinesgarritasun handirik ematen. Orain, ordea, epidemiologoak zuzen zeudela frogatu dute neurologoek, garunaren jarduera erakusten duten teknikei esker.

Ikerketa Heilderbergeko Unibertsitatean egin dute (Alemanian). Horren aurretik, gene jakin batzuen eta buruko gaitzak izateko arriskuaren arteko erlazioa ikertzeko erabili zituzten metodo horiek. Oraingo azterketarekin, baina, ikusi dute bizilekuaren neurriak geneek baino eragin handiagoa duela buruko gaixotasunetan, adibidez, eskizofrenian.

Hirietako biztanleek buruko gaixotasunak izateko arrisku handiagoa dute herrietakoek baino. Irudian, Bilbo.
(Argazkia: Googlemaps)

Ehun biztanletik batek du eskizofrenia, eta eragin handia du gizartean. Zientzialariek gutxi gorabehera dozena bat gene identifikatu dituzte eskizofreniarekin lotuta, baina bakar batek ere ez du oso erlazio handia: erlazio handiena duen geneak ere, % 20 baino ez du areagotzen eskizofrenia izateko arriskua. Aldiz, eskizofrenia bi bider ohikoagoa da hiritarren artean, landa-guneetako biztanleetan baino. Eta zenbat eta handiagoa izan hiria, orduan eta ohikoagoa da, gainera.

Hori ikusita, bizilekuaren neurriak garunean zer eragiten duen aztertu dute Heilderbergeko ikertzaileek. Hala, erresonantzia magnetiko bidez, Alemaniako 32 ikasle boluntarioren garunak aztertu dituzte. Boluntarioak hiru neurritako bizilekuetan bizi ziren —ehun mila biztanletik gorako hirietan, hamar mila biztanle baino gehiagoko herrietan, eta landa-guneetan—, eta, esperimentuan, estres-egoeran nola erantzuten zuten ikusi nahi zuten.

Esperimentuaren emaitzei so

Horretarako, matematika-ariketa batzuk eginarazi zizkieten, eta, aldi berean, mezu ezkorrak entzunarazi zizkieten, estresa eragiteko. Adibidez, batezbestekoa baino okerrago ari zirela esaten zieten, eta saiatzeko, mesedez, hobeto egiten, esperimentua oso garestia zela. Ikasleen parametro fisiologikoak neurtuta (bihotz-taupaden maiztasuna, tentsio arteriala, eta estresaren hormonen kontzentrazioa), baieztatu zuten mezuak benetan zirela eraginkorrak estresa sortzen.

Gero, erresonantzia magnetikoaren bitartez jasotako irudiak aztertu zituzten, eta konturatu ziren hiritarren eta landatarren artean aldea zegoela. Egoera horretan, landatarretan aktibatzen ez den gune bat aktibatzen da hiritarren garunetan: amigdala. Amigdalak, besteak beste, arrisku soziala neurtzen du, eta neurriz kanpo aktibatzen da antsietate-arazoak dituzten pertsonetan.

Horrez gain, beste gune baten aktibazioa ere askoz nabarmenagoa da hiritarretan, landatarretan baino. Kortex zingulatua izena du gune horrek, eta amigdalaren erregulazioan lagundu ez ezik, emozio ezkorrak prozesatu ere egiten ditu. Eskizofreniarekin lotzen da gunea, besteak beste.

Emaitzak berreste aldera, berriro egin zuten esperimentua, beste boluntario batzuekin eta seinale optikoak gehituta (boluntarioek ikertzaileak kopetilun ikusteko aukera zuten). Garunaren jardueran, berriro ere alde nabarmena zegoen hiritarren eta landatarren artean.

Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute bizilekuaren neurriak baldintzatu egiten duela estresarekiko erantzuna. Hala, hirietan bizitzeak buruko gaixotasunak pizteko arriskua areagotzen du, garunean estres sozialari ematen zaion erantzuna ez delako landa-eremuetan biziz gero bezain egokia.

Azterketak epidemiologoek esaten zutena frogatzeko balio izan du, baina ikertzaileek aurrera begira ere baliagarria izatea espero dute, hiri osasungarriagoak diseinatzeko lagungarria izango delako itxaropena baitute.

GAUR8 gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia