}

Hipertentsioaren bi gene identifikatu dituzte

2001/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

PHAII izeneko hipertentsio hereditario berezia ikertzen ari zirela, Yaleko Medikuntza Eskolako ikertzaileek bi genetan mutazioak daudela aurkitu dute. Mundu osoko 20 familia aztertu dituzte, eta, odol-presioa handitzeaz gain, gaixoek hidrogeno- eta potasio-ioiak kanporatzeko zailtasunak dituztela ikusi dute.

Beraz, badirudi gaixotasunaren jatorria bi genetan dagoela. Bi geneak duela gutxi identifikatutako proteina-familia batekoak dira; fosfato-taldeak gehitzean,beste proteina batzuen aktibitatea erregulatzen dute.

Bi proteina horiek gatzaren, potasioaren eta pHaren erregulazioaz arduratzen den giltzurrun-zatian daude. Proteina horiek direla eta, odol-presioa igo egiten da; ondorioz, giltzurrunetan ohi baino gatz gehiago xurgatzen da, eta ohi baino potasio eta hidrogeno gutxiago jariatzen dira.

Hipertentsioak biztanle helduen laurdenari eragiten dio, eta oso arriskutsua izan daiteke, bihotzeko edo buruko atakea eragin edo giltzurrunean kalteren bat eragin dezakeelako. Geneen aurkikuntzarekin, hipertentsioa hobeto ulertu eta tratamendu efektiboagoak aurkitzea espero da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia