Hilekoa, zelula amen iturri
2007/12/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Cryo-Cell 1989an sortu zen Floridan, eta gaur egun zelula amen banku handiena da. Hain zuzen, 140 mila bezeroren zilbor-hesteen zelula amak ditu gordeta, mundu osoan banatuta dituen zentroetan. Izan ere, dagoeneko erabiltzen dira zilbor-hesteko zelula amak leuzemia eta beste gaixotasun batzuk sendatzeko, eta, etorkizunean, orain sendaezinak diren gaixotasunak tratatzeko erabiliko direlako itxaropena dute, beste zelula-mota asko bilakatzeko gaitasuna baitute: odoleko zelulak, hezurrekoak, bihotzekoak, nerbio-sistemakoak...
Milaka gurasorentzat, zilbor-hesteko zelula amak gordetzea umeari osasun-aseguru bat egitea bezala da, eta horregatik jotzen dute Cryo-Cell edo antzeko enpresa pribatuetara. Cryo-Cellek, adibidez, 1.500 euro inguru kobratzen ditu zilbor-hestea jaso eta zelula amak erauzteagatik, eta urtebetez gordetzeagatik 100 euro, gutxigorabehera. Gehienez hogei urtez gordetzen dituzte zelulak, eta, zerbitzua urte horietarako guztietarako kontratatuz gero, prezio berezia egiten dute.
Hilekoaren zelula amen bankua
Gainerako enpresek ere antzera funtzionatzen dute, baina, orain, Cryo-Cellek aurrea hartu die, eta beste jatorri bat duten zelula amak gordetzeko zerbitzua sortu du. C'Elle izena du, eta hilekoaren zelula amen bankua da.
Hilekoaren odola eta zirkulazio-aparatukoa ez dira berdinak. Odol-zirkulazioan, oso zelula ama gutxi daude; odoleko zelulen jatorri diren zelula amak hezur-muinean daude, eta horietatik oso gutxi pasatzen dira odolera. Hortaz, odola ez da zelula amen iturri ona, inondik inora. Aitzitik, hilekoaren odolak umetokiaren ehun-zatiak ditu, eta hor zelula ama ugari daude; Cryo-Cellen arabera, milaka miloika.
Cryo-Cellek berak onartzen du gaur egun ez dagoela hilekoaren zelula ametan oinarritutako terapiarik, baina, egin dituzten ikerketen arabera, beste ehunetako zelula amak bezain ondo ugaltzen dira, eta haiek bezainbesteko ahalmena dute bestelako zelulak emateko. Zeinen erraz biltzen diren kontuan hartuta, uste osoa dute laster egingo dutela aurrera hilekoaren zelula ametan oinarritutako ikerketek.
Gainera, Cryo-Cellek zerbitzu osoa eskaintzen du. 500 bat euroren truke, hilekoaren odola biltzeko kit bat bidaltzen dio bezeroari, eta, jasotakoan, zelula amak erauzteaz eta analisiak egiteaz arduratzen da. Horrez gain, urtebetez gordetzen ditu, eta, denbora hori igarota, 100 euro inguru ordaindu behar dira urteko. Eskaintza bereziak ere badaude, eta zelula amak gutxienez 15 urtean erabilgarri izango direla ziurtatzen du.
Zerbitzu eztabaidagarria
Alabaina, osasun-arduradun eta aditu askori ez zaie ongi iruditu Cryo-Cellen eskaintza. Besteak beste, jendearen beldurrari probetxua ateratzea eta itxaropen faltsuak sortzea leporatzen diote enpresari.
Hain zuzen, oraindik ez dira nahiko ikerketa egin frogatzeko hilekoaren zelula amak baliagarriak direla terapian; are gutxiago era horretan jaso eta bildu diren zelula amak. Zilbor-hestekoak gordetzea ere eztabaidagarria iruditzen zaie, bakoitzak beretzat gordetzen dituelako, eta denek ez dutelako horretarako aukera. Gainera, Britainia Handiko osasun-zerbitzu publikoak 2.000 zilbor-hesteren zelula amak gordetzen ditu urtero, behar dituenarekin erabiltzeko.
Eztabaidak eztabaida, zerbitzua merkatuan dago, eta populazioaren zati handi batek erabil dezake. Hori bai, oraingoan gizonezko guztiak baztertuta daude, nahi eta nahi ez.
Zazpika-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia