
Hego hauskorrak dituen tximeleta lirain eta baten itxura duen hori 20.000 ºC inguruan dagoen gas-hodei bat da, Tximeleta esaten dioten nebulosa planetarioa, hain zuzen ere. Ez da, beraz, oso ahula eta hauskorra.
Eguzkiaren masa halako bost zuen izar bat hiltzen ari da nebulosaren erdian. Izarrak orain dela 2.200 urte inguru jaurti zuen bere azaleko gas-geruza, eta segundoko 16.000 kilometrotik gorako abiaduran ari da hedatzen, Lurretik Ilargira 24 minutuan joateko moduko abiaduran, alajaina!
Hubble teleskopio zaharberrituak atera du irudia, hain zuzen maiatzean jarri zioten WFC3 kamerarekin. Nebulosak igortzen dituen argi ultramorea eta ikusgaia jasotzen ditu.
Irudia: NASA/ESA/STSCI
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







