Hildako abereak, hegazti sarraskijaleentzat berriz
2009/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Abeltzainek larrean utzi ahal izango dituzte abereen gorpuzkiak, kasu batzuetan
Hildako abereen gorpuak hegazti sarraskijaleentzat utzi ahal izango dituzte berriz Europako abeltzainek, Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak onartu dituzten araudi-zuzenketa batzuei esker. Dena den, kasu batzuetan bakarrik utzi ahal izango dira larrean: sarbidea zaila den lekuetan eta animalia jasotzea arriskutsua denetan, hain zuzen, eta, betiere, animaliak gizakientzat edo animalientzat kutsakorra den gaixotasunik izan ez badu.
Behi eroen auziagatik, Europako Batasuneko herrialdeek abeltzaintza-gestioa aldatu behar izan zuten, eta larreetako abereen gorpuzkiak jasotzen hasi behar izan zuten. Ordura arte, gorpuzki horiek espezie nekrofagoentzako elikagai gisa erabili izan ziren.
Ordutik, naturan elikagaiak falta izateak sai arreen populazioari eragin dio, Iberiar penintsulan bereziki. Beren habietatik ehunka kilometrora ikusi izan dituzte janari bila. Abeltzainen artean ere alarma piztu da, ardiak erditzen ari zirela saien erasoak izan baitira, kasu batzuetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia