}

Higgs bosoiaren zantzuak detektatuta

2012/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

higgs-bosoiaren-zantzuak-detektatuta2
ATLAS detektagailuan detektatu zuten Higgs bosoiaren seinale indartsuena. Arg. CERN

Ezin da erabat baieztatu, baina CERNeko LHC azeleragailuan egin dituzten esperimentuetan Higgs bosoiaren seinaleak aurkitu dituzte. Bi taldek eman dute albiste bera; detektagailu banarekin egiten dute lan (ATLAS eta CMS), eta biek aurkitu dituzte bosoiaren seinaleak. Gainera, bietan antzeko masa neurtu diote partikulari, 126 eta 124 GeV/c 2 , hurrenez hurren.

Hala ere, emaitza hori baieztatu beharra dago oraindik. CMS azeleragailuan lan egiten duen Guido Tonelli bozeramaileak oso argi esan die Nature aldizkariko albisteen zerbitzukoei: "Ez dugu bildu benetako aurkikuntza bat izateko adina datu". Modu bertsuan hitz egin die Fabiola Gianotti ATLAS esperimentuaren bozeramaileak ere Nature koei; ados agertu da Tonelliren iritziarekin, eta kasurik okerrenean jarri da: "Arraroa izango litzateke, baina [seinalea] hondoko fluktuazio bat izan liteke". Noizko jakingo dute aurkikuntza baieztatzen den ala ez? Bada, Bill Murray ATLAS detektagailuaren zuzendariaren arabera, 2012an egindako esperimentuek baieztatuko dute.

Zalantzarik gabe, Higgs bosoia detektatzea da gaur egungo partikulen fisikak duen helbururik handiena. Zergatik? Partikula hori existitzea beharrezkoa delako zientziak ontzat ematen duen oinarrizko partikulen teoria --alegia, eredu estandarra-- zuzena izateko. Eredu horrek ez du partikula-multzo osoa bakarrik esplikatzen, baizik eta baita fisikaren oinarrizko indar gehienak ere.

Abenduaren 13an aurkeztu zituzten datuak itxaropena izateko modukoak dira. Baina Higgs bosoia existitzen ez bada, eredu estandarrak ezin du esplikatu zergatik duten masa partikula batzuek, eta beste batzuek ez. Indar nuklear ahula garraiatzen dutenek, W eta Z bosoiek, oso masa handia dute; eta elektromagnetismoa garraiatzen dutenak, fotoiak, masarik gabekoak dira. Hori ezin bada esplikatu, bi indar horiek batzen dituen indar orokorraren teoria, indar elektroahularena, ezin da ontzat eman, eta fisikaren adar handi bat oinarririk gabe geldituko litzateke.

Higgs bosoiaren bilaketa bukaerara iristen ari da. Kalkulu teorikoek zioten masa-tarte jakin batean egon behar duela, eta, aurkeztu berri dituzten emaitzak baieztatzen badira, dagoeneko zehaztu dute zein den masa hori. Horrek esan nahi du fisikariek badakitela nolako esperimentuak egin behar dituzten 2012an aurkikuntza baieztatzeko.