Higgs bosoiaren aurkikuntza berresten duten froga gehiago aurkeztu ditu CERNek
2013/03/14 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Joan den uztailean iragarritako aurkikuntza Higgs bosoi bat dela berresten duten froga gehiago aurkeztu ditu gaur CERNek Moriond biltzarrean.
CERNek argitaratutako oharrean adierazi du “iaz aurkikuntza iragarri zenean eskuragarri zeuden baino bi bider eta erdi datu gehiago aztertu ondoren, Higgs bosoi baten geroz eta itxura handiagoa hartzen ari da partikula berria”. Hala ere, ez dute baieztatu nahi izan aurkitutako partikula Eredu Estandarrak postulatutako Higgs partikula hori bera denik, eta aipatu dute Eredu Estandarra baino urrunago doazen beste teoria batzuetan iragarritako hainbat bosoietako arinena ere izan daitekeela.
CMS eta ATLAS esperimentuetan aztertutako datu berrien artean daude aurkitutako partikularen spina eta paritatea, eta ondorioa da Higgs bosoiarentzat iragarritako balioekin bat egiten dutela: spinik ez eta paritate positiboa.
2012 osoa hartzen duen datu-multzoarekin lortu diren behin-behineko emaitzak “bikainak” direla adierazi du CMSren bozeramaile aritu den Joe Incandelak, eta esan du bere ustez “argi dagoela Higgs bosoi baten aurrean gaudela, nahiz eta oraindik bide luzea dugun zein eratako Higgs bosoia den jakin arte”.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia