}

Higgs bosoia desintegratzean fermioiak sortzen direla frogatu dute

2014/06/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

higgs-bosoia-desintegratzean-fermioiak-sortzen-dir
HIggs bosoiak desintegratzean zuzenean fermioiak sortzen dituela ikusi dute. Arg. CERN

Higgs bosoia existitzen dela frogatu zutenetik bi urte igaro direnean, haren ezaugarriei buruzko datuak eman dituzte CERNeko ikertzaileek, Nature Physics aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Bereziki, nabarmendu dute Higgs bosoia desintegratzean fermioak sortzen direla zuzenean; horrek bat egiten du eredu estandarraren teoriak aurreikusten duenarekin.

Hain zuzen, fermioiak materia eratzen duten oinarrizko partikulak dira, eta bosoiak, berriz, fermioei indarra ematen dieten partikulak. Partikulen fisikaren eredu estandarrak aurreikusten duenez, fermioen eta Higgs bosoiaren arteko interakzioaren indarrak haien masaren araberakoa izan beharko luke. Bada, ikerketan parte hartu duen Zuricheko Unibertsitateko Vincenzo Chiochiaren esanean, “aurreikuspen hori baieztatu da; seinale sendoa da 2012an aurkitutako partikulak benetan jokatzen duela teorian proposatutako Higgs partikulak bezala”.

LHCn 2011-2012an jasotako datuak analizatuta atera dituzte ondorio horiek. Bestalde, orain dela gutxi jakinarazi dute dagoeneko hasi direla LHCa prestatzen, 2015ean berriro martxan jartzeko. Izan ere, doitze- eta mantentze-lanak direla eta, urte eta erdi darama geldirik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia