Hiesaren proteina batek zelulak ugaltzea galarazi eta gaixotasuna areagotzen du
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Birus eta bakterioen aurka, T zelulak gorputzaren defentsa eraginkorrenen artean daude. Aldiz, hiesarekin topo egitean, zelula horiek birusarentzat jomuga bilakatzen dira. Behin kutsatuta daudenean, T zelulek hiesa sortzen dute. Gladstoneko Immunologia eta Birologia Institutuak azaldu du hiesak nola bilakatzen dituen bere morroi T zelulak.
Hiesaren Vpr proteina da ikerketaren muina. Proteina horrek T zelulak ugaltzea galarazten du eta horrela hiesa bera errazago ugaltzen da. Prozesu horrek hiesak kutsatutako zelula gehiago sorrarazten ditu eta horiek berriz ere T zelulak hiltzen dituzte. Horrela azal daiteke zergatik ugaltzen den hain azkar hiesa gizakietan.
Ikerketek erakutsi dute hiesaren kontrolpean T zelulak, ez ugaltzeaz gain, G2 izeneko fase batean gelditzen direla. Fase hori egokiagoa da hiesa ugaltzeko eta Vpr proteinak eragin nabaria du G2 fasearen atzipenaldian. Atzipenaldiak hiesaren ugalketan positiboki eragiten duela frogatzen bada, gaixotasunaren aurkako beste jomuga baten aurrean egongo ginateke.
Aurkikuntza kutsatutako zelulak detektatzeko gai den teknika baten bidez egin da. Hiesarekin kutsatutako zelula orok p24 izeneko proteina dauka eta proteina hori antigorputz fluoreszente baten bidez detektatzen da. Teknika horrek kutsatutako zelulak ikusteko leihoa eskaintzen du eta, horrela, etorkizuneko ikerketak zelulen mailara zuzenduko dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia