Hiesaren aurkako txertoa, hurbilago?
2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hiesaren birusaren mutatzeko ahalmen ikaragarria dela eta, ohiko txertoek, hau da, antigorputzak sortzean oinarritzen direnek, ez dute gaitzari aurre hartzea lortu. Horregatik, azkeneko urteetako ikerketak sistema immunearen antzeko jokaera duten txertoak egitera zuzendu dira. Bide horri jarraituz, Merck laborategietako ikertzaileek tximinoen hiesaren birusaren (SIV) ADNa sartu zuten GIBaren azalean. Hasiera batean, birus horrekin (SHIV) egindako txertoak oso emaitza onak eman zituen tximuetan: 40 egunen ondoren, txertatutako tximuetan birus-kopurua hain zen txikia ezen ezin izan zuten detektatu. Aldiz, kontrol-taldeko 14 tximuetatik 13k gaitza garatu zuten. Zalantzarik gabe, inoiz lortutako emaitza onena zen.
Baina Harvardeko Medikuntza fakultateko ikertzaile-talde baten esanean, txertoa ez da hasieran uste bezain eraginkorra. Haiek antzeko txerto bat probatu dute, eta, bi urteren ondoren 8 tximutatik 7 bizirik bazeuden ere, zortzigarrena hil egin zen 6 hilabete pasatutakoan. Nonbait, SHIVaren gene jakin bat mutatu zen; ondorioz, tximuaren sistema immunearen T zelulek SHIV birusa ezagutzeko gaitasuna galdu zuten.
Merck laborategietako ikertzaileen ustean, txerto eraginkorra lortzeko T zelulek ezagut dezaketen proteina-kopurua handitu beharko da. Hartara, batean mutazioa gertatuta ere, T zelulek beste proteinak izango lituzkete helburu, proteina guztiak une berean mutatzea oso zaila baita. Bestalde, orain arteko saioak tximuetan egin direnez, ezin jakin zein emaitza emango lukeen gizakietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia